Hasiera » Sin categoría » EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA ELKARREKIN ALDARRIKATU

EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA ELKARREKIN ALDARRIKATU

Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak aurten Euskararen Nazioarteko eguna elkarrekin aldarrikatzeko erabakia hartu zuen. Hau dela eta, 2016ko abenduaren 3a berezia izango da aurten. Ez da ohiko Euskararen Egun bat gehiago izango. Ziurrenik lehen aldiz, Aiaraldea osatzen duten 9 udalerrietako herritar eta elkarteek elkarlanean antolatu dute aurtengo euskararen eguna. Kanpaina bateratua izan da, bai eta ekimen bateratua ere, abenduaren 3a larunbata izanik, eskualde guztiko herritar eta entitateek Amurrion egingo baitute ekitaldi berezi bat; euskararen aldeko konpromisoak hartu eta jendaurrean adierazteko ekitaldia hain zuzen ere.

Konpromisoak hartu

Euskararen nazioarteko egun honetan Kontseiluak dei zehatz eta argi bat luzatzen die eskualdeko herritar eta entitate guztiei: euskararen alde egotetik, euskararen alde egitera pasatzea. Konpromisoak hartzeko deia luzatzen du hain zuzen ere Kontseiluak.

Euskarak ez ditu hitz ederrak behar, euskarak konpromisoak behar ditu, espazioak irabazteko, kale-erabilera handitzeko…

Denok har ditzakegu konpromisoak, izan hauek handiak, txikiak, ertainak, tenporalak zein betirakoak… izan gu euskaldunak, erdaldunak, edo eta euskara apur bat ulertzen dutenak, euskaraz jakin ez arren ere, euskararekiko konpromiso asko har baitaitezke.

Konpromisoak ahalik eta esparru zabalenean lantzeko Kontseilukideek hainbat material prestatu dute:

Unitate Didaktikoa, ikastetxeetan ekimena denboraz eta sakonki prestatzeko

Konpromiso ideiategia, har ditzakegun konpromiso ideiak jasotzeko eta konpartitzeko

Haize errota egiteko eskuorria, Amurriora gure konpromisoa haize errotan idatzita eramango dugu

Kanta. Igon Olaguenagak euskararen egunerako kanta sortu du, Izar Mendigurenek hitzak prestatu ditu eta grabaketa Aiaraldeko hainbat musikarien artean osatu dute: Egoitz Uriarte, Chiki Lora, Jurgi Ibarretxe , Xabi Basterra, Sabin Guaresti, Olatz Gartzia, Irati Mendiguren, Garazi Abrisketa eta Igor Arzuaga

Gure bizitza da euskararen hauspoa eta,

gu gara beraren arnasa eta ufada

Xuxurla dezagun belarrietan putz eginez,

ta goazen sasien gainetik lau haizetara

Zure konpromisoa xumea zein handia den,

errotak jiraka biraka ipini daitezen

herrika, irrika, zirrika nahas gaitezen

Euskaraz bizi nahi dugu gaur, bihar ta hemen

Ideiak dantzan jarriz

hitza eman ta bota!

Bihur gaitezen gure

euskararen errota!

… Gure bizitza da euskararen hauspoa ta,

gu gara beraren arnasa eta ufada

xuxurla dezagun belarrietan putz eginez,

ta goazen sasien gainetik lau haizetara!

Begire nago begire, zure hitz bakoitza delako bide/zure indarra, sua eta garra delako falta zen irtenbide…

Begire nago begire, zena putzu sakon eta iluna…bihurtu baita zuri eskerrak bizi, koloretsu eta euskalduna!”

Koreografia, flasmoban denok dantzaz goza dezagun Ainhize Solaunek prestatu du

Euritakoak, Amurrioko plaza kolorez beteko dugu

Formulario, konpromisoak jasotzeko.

Abenduaren 3a, egitaraua

Aiaraldeko herri guztietatik abiatu Amurriora, autoz, oinez, txirrindulaz, trenez,… Haize errota konpromisoa idatzita eta euritako koloretsuarekin.

11:30 Hiru zutabekak erdigunera

12:00 Ekitaldi nagusia- Konpromisoen lorategia

13:00 Flasbmoba. Dantzaldi kolektiboa

14:00 Amaiera

Eta goiz osoan musika, gaztaina erreak, ardo beroa, jolasak, txistorra, buruhandiak, eta eskulanak zango ditugu.

Bihar eta hurrengo 365 egunetan maitasun osoz konpromiso betegarria hartu, euskarak behar du, guk merezi dugu eta Aiaraldeak eskertuko digu

Aiaraldea euskaldun!

Konpromisoak eta Maitasuna!

kartel-nagusia_arina

Advertisements