EUSKARAREN ETORKIZUNA AIARALDEAN GOGOETA JARDUNALDIA

Esperientziak · Praktikak · Diskurtsoak

Abenduak 29, osteguna, Amurrioko Reforrean

Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua eskualdeko 43 entitatek otsailean eratutako elkarlanerako espazioa da. Eskualdearen euskalduntzea helburu, 2017 urtean Kontseiluaren plangintza estrategikoa osatzea izango da gure hurrengo mugarria.

Horretarako, Euskal Herri luze zabalean euskalduntzearen esparruan eman diren esperientzia, praktika eta diskurtso eraginkorrak lehen eskutik ezagutzeko egun osoko GOGOETA JARDUNALDIA antolatu dugu datorren abenduaren 29rako (osteguna).

Hainbat arloetako esperientziak ezagutu, eta gure eskualdearen testuinguruan kokatzeko ahalegina izango da jardunaldia: 2017tik aurrera Kontseiluaren lana zedarrituko duten ildoak eta ekimenak zehazteko hain zuzen ere. Beherago duzue eguneko egitarau zehatza.kartela

Horrela, jardunaldi hauetan parte hartzera gonbidatu nahi zaitugu, euskararen normalizazio prozesuan egin behar denaren gaineko zuen iritzia eman eta zuen alea jartzeko gonbitea.

Jardunaldi irekiak diren arren, zuen parte-hartzea aldez aurretik jakinaraztea eskatzen dizuegu (azpiegiturak moldatu ahal izateko). Izena emateko azken eguna abenduaren 27a da.

Horretarako, aiaraldekoeuskalgintza@gmail.com helbidera bidali beharko duzue mezua, nor edo nortzuk parte hartuko duzuen azalduz eta bazkaltzera geratuko ote zareten zehaztuz (Refor jatetxean izango da eta menuaren prezioa 11 eurokoa da).

Haurtzaindegi zerbitzua ere eskainiko da, horretarako izen-ematearekin batera adierazi beharko duzue haur kopurua, adina eta zein ordutegian baliatu nahi den zerbitzua.

Gogoeta jardunaldi eder honetan parte-hartzera animatuko zarelakoan, jaso ezazu agur bero bat. Aiaraldea euskaldun!

%d bloggers like this: