Duela lau urte abiatutako dinamikari jarraipena emanez euskararen normalizazioan pausuak eman eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluarekin elkarlanean aritzeko konpromisoak hartu dituzte Aiaran EH Bilduk eta Aiara Batuz-ek. Duela lau urte ez bezala, konpromisoak sinatzeari uko egin dio EAJk.
Bai We Can dinamika abiatu zuen Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak duela lau urte, eta pasa den maiatzaren 3an Sarauben balorazioa aurkeztearekin batera, legegintzaldi berrirako konpromisoak argitaratu. Proposamen berria hautagaiei helarazita, hurrengo egunetan jakinaraziko dugu Aiaraldeko alkategaiek zeintzu konpromiso hartu dituzten; udaletan euskararen normalizazioa bultzatu, alderdi politikoak euskararen normalizazioan pausuak eman eta elkarlana sustatzea xede duen ekimen honen bidez.
Aiara
EH Bilduko alkategai Pruden Otegik konpromisoen jarraipen mahaian parte hartzeko konpromisoa sinatu du. Bertan udalaren hizkuntz politikaz hitzegitearekin batera, hizkuntz eskubideen urraketen aurrean elkarrekin jarduteko protokolo bat osatzea adostuko da.
Kanpainan kartelak eta kanpo komunikazio guztia gutxienez elebiz egingo du EH Bilduk, euskarari lehentasuna emanez.
Beste 12 konpromiso hartu ditu Otegik: alkate izanez gero sailen buru zinegotzi euskaldunak jartzeko, euskara ikasteko doakotasuna lortzeko, udalaren kanpo komunikazioa euskaraz bermatzeko, Euskara Planaren betetze maila ezagutarazteko, programazioan euskararen presentziaren gutxieneko kuota ezartzeko, 18 urtez beherakoei egiten zaien eskaintza euskaraz izateko bere osotasunean, udalaren ikastaroetan monitoreak elebidunak izateko, normalizaziorako giza-baliabideak bermatzeko, kanpo kontratazioetan zein lan eskaintzan hizkuntz irizpideak ezartzeko eta herritarrei udal bileretan euskaraz aritzeko eskubidea bermatzekoa.
Dokumentu honetan irakur daitezke sinatutako konpromiso zehatzak:
Aiara Batuz-eko alkategai Iratxe Parrok konpromisoen jarraipen mahaian parte hartzeko konpromisoa sinatu du. Bertan udalaren hizkuntz politikaz hitzegitearekin batera, hizkuntz eskubideen urraketen aurrean elkarrekin jarduteko protokolo bat osatzea adostuko da.
Kanpainan kartelak eta kanpo komunikazio guztia gutxienez elebiz egingo du Aiara Batuz-ek, euskarari lehentasuna emanez. Horrez gain, kanpaina ekitaldietan euskararen presentzia gutxienez % 50ekoa izango dela hitzematen dute.
Beste 15 konpromiso hartu ditu Parrok: alkate izanez gero sailen buru zinegotzi euskaldunak jartzeko, euskara ikasteko doakotasuna lortzeko, udalaren kanpo komunikazioa euskaraz bermatzeko, Euskara Planaren betetze maila ezagutarazteko, programazioan euskararen presentziaren gutxieneko kuota ezartzeko, 18 urtez beherakoei eskaintza euskaraz izateko bere osotasunean, udal batzetan bere jardunaren erdia behintzat euskaraz egiteko, udalaren programazioa aurkeztean hizkuntza azterketarekin batera plazaratzeko, udalaren ikastaroetan monitoreak elebidunak izateko, normalizaziorako giza-baliabideak bermatzeko, diruz lagundutako elkarteen kanpo komunikazioa elebitan izan dadin, kanpo kontratazioetan zein lan eskaintzan hizkuntz irizpideak ezartzeko eta herritarrei udal bileretan euskaraz aritzeko eskubidea bermatzekoa.
Dokumentu honetan irakur daitezke sinatutako konpromiso zehatzak:
EAJko alkategai Gentza Alamillok, duela lau urte ez bezala, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak luzatutako proposamena ez baloratzea eta sinatzeari uko egitea erabaki du.
Udal hauteskundeei begira, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak ekimen ezberdinak garatuko ditu, euskara agendan jarriz, hizkuntz eskubideak aldarrikatuz, gardentasuna praktikatuz eta normalkuntzak pausuak eskatuz.