2019an abiatutako dinamikari jarraipena emateko, euskararen normalizazioan pausuak eman eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluarekin elkarlanean aritzeko, konpromisoak hartu ditu Laudioko EH Bilduk. Duela lau urte ez bezala, konpromisoak sinatzeari uko egin dio EAJk eta OMNIAk.
Bai We Can dinamika abiatu zuen Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak duela lau urte, eta pasa den maiatzaren 3an Sarauben balorazioa aurkeztearekin batera, legegintzaldi berrirako konpromisoak argitaratu. Proposamen berria hautagaiei helarazita, hurrengo egunetan jakinaraziko dugu Aiaraldeko alkategaiek zeintzu konpromiso hartu dituzten; udaletan euskararen normalizazioa bultzatu, alderdi politikoak euskararen normalizazioan pausuak eman eta elkarlana sustatzea xede duen ekimen honen bidez.
Laudio
EH Bilduko alkategai Ainize Gastakak konpromisoen jarraipen mahaian parte hartzeko konpromisoa sinatu du. Bertan udalaren hizkuntz politikaz hitzegitearekin batera, hizkuntz eskubideen urraketen aurrean elkarrekin jarduteko protokolo bat osatzea adostuko da.
Kanpainako kartelak eta kanpo komunikazio guztia gutxienez elebiz egingo du EH Bilduk, euskarari lehentasuna emanez. Hautagaitzaren ekitaldi guztietan euskararen presentzia gutxienez % 50ekoa izango dela ere bermatzen du.
Beste 16 konpromiso hartu ditu Gastakak: alkate izanez gero sailen buru zinegotzi euskaldunak jartzeko, euskara ikasteko doakotasuna lortzeko, udalaren kanpo komunikazioa euskaraz bermatzeko, Euskara Planaren betetze maila ezagutarazteko, programazioan euskararen presentziaren gutxieneko kuota ezartzeko, 18 urtez beherakoei eskaintza euskaraz izateko bere osotasunean, udal batzetan bere jardunaren erdia behintzat euskaraz egiteko, udalaren programazioa aurkeztean hizkuntza azterketarekin batera plazaratzeko, udalaren ikastaroetan monitoreak elebidunak izateko, normalizaziorako giza-baliabideak bermatzeko, udalaren jendaurreko arreta zerbitzuak euskaraz izan daitezen, diruz lagundutako elkarteen kanpo komunikazioa elebitan izan dadin, kanpo kontratazioetan zein lan eskaintzan hizkuntz irizpideak ezartzeko eta herritarrei udal bileretan euskaraz aritzeko eskubidea bermatzekoa.
Dokumentu honetan irakur daitezke sinatutako konpromiso zehatzak:
EAJko alkategai Ander Añibarrok, biltzeko gure eskaerari erantzun ez eta konpromisoak sinatzeari uko egin dio, duela lau urte egindakoaren kontrara. OMNIAko alkategai Alvaro Barriosek bildu zein konpromisoak hartzeari muzin egin dio, 2019an ez bezala.
Udal hauteskundeei begira, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak ekimen ezberdinak garatuko ditu, euskara agendan jarriz, hizkuntz eskubideak aldarrikatuz, gardentasuna praktikatuz eta normalkuntzak pausuak eskatuz.