2016tik Aiaraldean elkarrekin ospatzen dugu euskararen eguna. Aurten, hitzordua bikoitza izango da azaroak 29an Zollon gauez eta abenduak 1 Arrankudiagan egun osoko jaiarekin. Berotzen joateko jada martxan dira bi proposamen: Memealdia 3.0 eta Euskararekin korapilatu zaitez! Egitaraua aurkeztera atera ginen Arrankudiagako plazara barikuan.
Euskaldunon komunitatea indartu, elkar ezagutu, saretu, hiztun berriak erakarri, gure hizkuntza bultzatu eta urte osoko lan gogorraren ostean, gozatu. Xede horiekin azken urteotan Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak euskararen eguna elkarrekin ospatzeko ekimena bultzatzen du. Hilabetetan zehar Arrankudiaga-Zolloko herritarrekin batera ontzen aritutako egitaraua argitara atera genuen Arrankudiagako plazan, agintari, herritar eta eragilez lagunduta.
Izan ere, konplize anitz dira egitasmoa posible egiten dutenak: Mantxinkorta mendi taldea, Kamaraka pilota elkartea, Arrankudiagako Eskola eta IGEa, Musika Eskola, Eskubaloi taldea, Kirino… Elkarte guzti hauen inplikazioa eskertu eta balioan jarri nahi dugu, baita egunean bertan lanean izango diren bolondres guztiena ere. Bestetik, Arrankudiaga-Zolloko Udalaren eta herritarren inplikazioa, eskainitako laguntza, erraztasunak eta elkarlana eskertu behar dugu. Ahantzi gabe, eskualdeko gainerako 8 udalerriek ere beren ekarpena egin dutela.
Denontzako aukera
Azaroaren 29an Zollon abiatuko da festa, Txalainak taldeak Hertzainak taldearen bertsioekin ondutakokontzertuarekin. Abenduaren batean berriz, Arrankudiagan egun osoko jaia izango da. Publiko anitz asebeteko duen eskaintzan musika, kirola, mendia, jan-edana, adin guztietarako jolasak, umorea… ez dira ez faltako.
Arrankudiagara trenez hurbiltzeko gomendioa egin nahi dugu baita, erosotasuna, segurtasuna eta bideragarritasuna buruan.
Berotzen joateko
Berotzen joateko, hirugarren urtez jarraian, martxan dugu Memealdia, euskarazko memeen lehiaketa. Umorea, sormena eta euskara eskutik. Parte hartzeko gure webgunean dituzue argibideak eta istagrameko memealdiaren kontuan ikusgai. Ekimenaren sari banaketa Arrankudiagan izango da abenduaren 1ean, jasotako meme guztien proiekzioarekin batera. iaz 200 memetik gora jaso genituen, aurten baietz gainditu!
Bestetik, Arrankudiaga eskolako ikasleek eskualdeko gainerakoei erronka bota diete: Euskararekin korapilatu zaitez! Aho korapiloak sortu eta Arrankudiaga-Zollo hobeto ezagutzeko proposamena prestatu dute horretarako eta ikastetxe guztietara helarazi. Abenduaren 1ean ikusiko dugu ekimen eder honen lehen emaitza.
Bazkaria
Ohi legez egitarauaren baitan herri bazkaria izango da, Gizarte Etxean. Menuak paella, euskal pastela, ura, ardoa, ogia eta kafea barne biltzen du. Tiketak azaroak 27rarte izango dira salgai. Informazio guztia afitxan duzue.
Zozketa
Iaz legez, tokiko produktuz beteriko eta 150€an baloratutako saskia zozketatuko dugu abenduaren 1ean Arrankudiagan. Boletoak jada salgai dituzue eta lortzen den dirua Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren jarduna finantzatzen laguntzeko baliatuko da.
Prentsa
Gustua hartu, dastatu, murtxikatu, laztandu, eta berarekin korapilatu. Gure territorio librean barneratu, ezagutu, lotu… Elkarrekin nahastu, arnastu, indartu eta gozatu, aurten ere Aiaraldean euskararen eguna elkarrekin ospatuko baitugu. Aurten Arrankudiaga-Zollon dugu zita.
Ez egin huts eta euskaktibatu!