Aiara, Amurrio, Arrankudiaga, Artziniega, Laudio, Okondo, Orozko eta Urduñako ikastetxeek, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren eskutik, elkarlan eta topagunerako tresna iraunkor bat sortu dute: Aiaraldeko Hezkuntza Foroa. Elkar-ezagutza, esperientzia trukaketa, gogoeta partekatu eta proiektu berrien eraikuntza bultzatzeko xedea du foroak.
Ekainaren 23an foroa ezaugarritu eta helburu zehatzak jarri ostean, urriaren 4an bigarren bilerarekin abiatu da Aiaraldeko Hezkuntza Foroa. Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluan eskualdeko 19 ikastetxeak daude eta elkartearen lan ildoetako bat hezkuntza izanik, Plan Estrategikoa gauzatzeko tresna ezinbestekoa izango da sortu berri den topagunea.
Parte hartzea handia eta proiektu zehatzak
Lehen bi bileretan eskualdeko 14 ikastetxek parte hartu dute modu presentzialean. Horrez gain, bertan izaterik ez duten ikastetxeek informazio guztia jasotzeaz gain ekarpenak egiteko bideak zabalik dituzte. Ikastetxeetako ordezkariek, tresna berri honen onurak azpiamarratzearekin batera ilusioz ekin diote erronkari. Egungo egoerari argazkia ateratzearekin batera proiektu berriak martxan jarriko ditu foroak, euskalduntzea bultzatzea helburu eta komunitatea indartuz.