Aiaraldeko Euskararen Eguna goizean goiz hasiko gara ospatzen Mendi martxa batekin. Bi ibilbide izango ditu aukeran Mantxinkorta mendi taldeak prestatuta. 8:30etan Arakaldoko plazatik 11 kilometrokoa abiatuko da, Untzueta igoko duena. 9:00etan familia guztiarentzako modukoa izango da, 5 kilometro Arakaldoko inguruak ezagutuz eta bertako ur jauzia bisitatuz. Bi ibilbideak 11etan bukatuko dira Arakaldoko plazan hamaiketako batekin.
10:30etan musika girotzea hasiko da eskualdeko txistularien eskutik. 11etan berriz, Sorginlarren-eko erraldoiak gehituko zaizkie eta 11:30etan trikitilarien txanda izango da.
Ordu berean hasiko dira baita umeen jolasak kasu honetan Kirikiñoren eskutik: puzgarria, ohe elastikoa eta jolas librerako 5 gune (sormen, eraikuntza, esperimentazioa, imitazio eta atseden gunea) izango dira aukeran.
Nagusiagoentzat bola jokoaren aritzeko aukera izango da Arakaldoko bolatoki ederrean, hau ere 11:30ean.
Luiaondoko esperientzia errepikatuz, euskarazko sortzaile eta herri proiektuen azoka egingo dugu Arakaldon. Bertan zenbait elkarte eta sortzaileren lana ikusgai eta erosgai izango da.
Kirolaren arloa ere presente izango da Arakaldon Arrankudiaga-Zolloko Kamaraka Pilota Kirol Elkartearen eskutik, frontoian Euskara-Tximista lagunarteko partidak izango baitira 11:30etatik aurrera. Ekintza hau 10-12 urteko pilotariei zuzenduta dago eta izen-ematea beraien pilota elkarteen bidez egin eharko dute.
13:30 ekitaldi nagusia ospatuko dugu Euskararen zuhaitza jantziz, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren mezua plazaratuz eta Euskararen Errota koreografia denok elkarrekin dantzatuz.
Ekitaldia bukatuta tripa zorriak baretzeko tenorea izango da frontoian izango den bazkariarekin. Faktoriako lagunek babarrun jana prestatuko baitigute. Menua: indabak haragiarekin edo barazkiekin, ogia eta postrea. Tiketak Faktoriaren web-guneko lotura honetan daude salgai.
Egun osoan zehar txosna zerbitzua izango dugu. Bertan ez da urik salduko, herriko iturriak baliatuko ditugu, eta ez da erabili eta botatzeko edalontzirik izango. Beraz zuen edalontziak ekartzera gonbidatzen zaituztegu.
Bazkalostean, 15:30, mahaitik altxa eta frontoian bertan Barry Manley umoregile irlandar euskaldunaren bakarrizketaz gozatzeko aukera izango dugu.
Jaraian, 16:30ean, dantzan jarriko gaitu bere Dantza Piko saioarekin Patxi eta Konpania taldeak, hau ere frontoian bertan.
15:30-17:30 bitartean Kalakaren egurrezko jolas kooperatiboak izango dira aukeran plazan.
18:30ean dantza emanaldia bukatuta txosna inguruan parrillada izango dugu eta 19:00etan Joxpa erromeria taldeak emanaldia eskainiko du. Egunari akabera berriz, Azkenak itxi dezala DJ-ak jarriko dio.