Ikasturte berriarekin bueltan da Gurasoleku, 0-5 urte bitarteko umeak dituzten familietan euskararen transmisioa bultzatzea xede duen programa. Ekimenera Okondo eta Artzeniega batu dira aurten, eskualdeko ikastetxe eta haurreskola guztietara helduz. Izen ematea irailak 26 arte irekita dago.

2021ean abiatu zen Gurasoleku programa Aiaraldean eta lau urteren buruan eskualdeko ikastetxe eta haurreskola guztiak batu dira ekimenera. Irakasleentzako formazio saioak, gurasoentzako sentsibilizazio saioak, bideoak, tresnak, aisialdia, praktika, eskolak… Elementu guzti hauek baliatuta euskararen transmisioa bultzatzea da xedea, bereziki 0-5 urte bitarteko umeak dituzten familien baitan.
Eskaintza
Gurasoleku elkarlanetik sortzen da: Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua, AEK, Laudioko Udal Euskaltegia, Udaberria Euskaltegia eta eskualdeko ikastetxe eta haurreskolak. Euskalduntzean laguntzeko hiru eskaintza egiten ditu programak: Gurasoeuskaltegia (euskara eskolak), Gurasolagun (euskara praktikatzeko guraso taldeak) eta Gurasolagun agenda (aisialdia, familian eta euskaraz).
Informazio guztia esku-orri honetan bilduta dator:
Berrikuntzak
Artziniega eta Okondora heldu da ekimena aurten, baina horrez gain Amurrio, Laudio, Urduña, Arrankudiaga, Aiara eta Orozkon ere aurrera eramango da bertako ikastetxe eta haurreskoletan. Aurten gainera, QR baten bitartez izen ematea on-line egiteko aukera ere badago.
Baliabideei dagokionez motibazioa lantzeko bideoak eta Euskararen Erreminta Kutxa zabalduko dira gurasoen artean. Bidean da baita Euskara-Arabiera-Amazigera hiztegia, ikasturtean zehar argitaratuko diren poltsiko hiztegiko hiru aleetako lehena.
Aurkezpena
Izen ematea bultzatzeko ekitaldiak egingo dira Okondon irailak 24 eta Artziniegan irailak 25.










