Eguraldia gora behera giro beroan ospatu zen igandean, azaroak 30, Aiaraldeko Euskararen Eguna. Goizean goizetik eskualdeko euskaltzaleek Okondon izan zuten hitzordua. Eguraldi zalantzati baten aurrean herritarrek mendi bueltari ekin zioten egunari hasiera emateko. Bitartean sukaldariek heltzeak sutan jarrita eguneko bazkaria prestatzeari ekin zioten.
Eguerdiarekin Kirikinoren jolasak, elkarteen azoka, eskualdeko trikitilariak eta Aimara antzerki taldearen Altuna jaunaren hilketa emanaldiak giro ederra sortu zuten. Eskualde osoko herritarrak hurreratu ziren bai frontoira eta bai kultur etxera ekitaldi guztiak arrakastatsuak izan zirelarik.
Mezua
Ekitaldi nagusian hiru hitzartze izan ziren. Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak energia eta gogoa azpimarratu zituen 9 urteko ziklo honetan Udalerri guztietara heldu delarik ospakizuna. Okondoko euskaltzaleen garrantzia azpimarratu eta hizkuntza pizteko beharra gogoratu zuten. Halaber, euskararen biziberritzean elkartea estrategikoa dela eta behar beste babes instituzionala behar duela aldarrikatu zuten. Hemen irakur daiteke mezua osorik.
Ondoren, Etxaurren Ikastolako eta Okondoko Eskolako bi ordezkarik hartu zuten hitza. Euskara piztu lematzat hartuta, ospatzeaz gain ardura hartzeko deia egin zuten, hizkuntza bizirik mantenduko badugu. Konpromisoak hartu eta urratsak ematera deitu zuten. Mezua osorik hemen irakurgai.
Bukatzeko Etxaurren Ikastolako lehen hezkuntzako 6. mailako ikasleek zenbait esaldi irakurri eta bertso bat kantatu zuten egunaren aldarrikapenekin bat eginez. Irakurri hemen.
Arratsaldea
Bazkarian 90 bat pertsona bildu ziren eta ondoren arratsaldeko ekintza maratoiari ekin zitzaion. Txikienek disko festa zuten bitartean helduek Kultur Etxeko aretoa goraino bete zuten Kaitin Allenderen bakarrizketa umoretsua entzuteko. Ondoren, Eingo taldeak dantzan eta kantuan jarri zuten frontoia, umeek Kalakaren egurrezko jolasekin gozatzen zuten bitartean. Eguna bukatzeko Jon Ozaeta Djak musika jarri zuen eta Euskaraktibatu zozketarekin bukatu zen eguna.
Ezin ahaztu, goizean zehar ikastetxe ezberdinetako ikasleek egindako bonbillez mukuru bete zirela frontoiko pareta eta hesiak. Bonbilla bakoitzak argi eta mezua zekarren euskaldunontzat. Piztu Euskara!
Eguneko irudiak
Argazkiak gure sare sozialetan dituzue ikusgai: istagram eta facebook.
Aiaraldea.eus web-gunean argazki galeria hau eta zuzeneko emanaldiaren bideoa duzue ikusgai.
Balorazioa
Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak oso balorazio positiboa egiten du euskararen eguneko aurtengo ospakizunaz. Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie prestaketan eta gauzatzean ondoan izan dituen Okondoko euskaltzale guztiei. Baita, egunean zehar lanean ibili ziren bolondres eta profesional guztiei. Oso pozgarria eta azpimarratzekoa izan zen egun osoan izan zen asistentzia eta eskualde osotik etorritako herritarrak izatea bertan. Giro beroa eta jendarte anitza izan zen Okondon, eta hori pozgarria da oso. Eskertzekoa baita udal instituzioen babesa.
Egunak utzitako aho zapore gozoa eta piztutako sua, energia iturri izan daitezela euskararen biziberritzean pausu sendoak ematen jarrai dezagun.




























