Konpromisoak hartu eta komunitatea interpelatu dute ikastetxeek

Urtebeteko hausnarketa sakonaren ostean Aiaraldeko 12 ikastetxek pausua eman dute: autokritika ausarta egin, konpromisoak hartu eta komunitatea interpelatu dute, Euskara gabe ez gara manifestuan. Ikastetxeetan euskalduntzeak daraman bideagatik kezkatuta abiatu zuten prozesuan bide lagun izan dute Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseilua. Instituzioak eta gurasoak euskalduntzean engaiatzera deitu dituzte, ezin bestekoa baita komunitate guztiaren parte hartzea euskalduntzea burura eramateko. Ekainaren 30arekin Amurrioko Zaraobe Institutuan egindako agerraldian euskalgintzaren, aisialdiaren eta guraso elkarte zenbaiten babesa izan dute ikastetxeek.

Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluko lehendakari Naiara Merino izan da lehena hitza hartzen. Amurrioko Zaraobe Institutuko patioan bildutakoei ekitaldia zertan izango zen azaldu du, ondoan eguneko lema idatzita duen arbelaren ondoan eta 12 ikastetxetako, guraso elkarteetako eta euskalgintzako eragileen babesarekin. Aurkezten den manifestua urte bete baino gehiagoko hausnarketa prozesu sakonaren fruitua dela azaldu eta “pausu zintzo hau egitera ausartu diren ikastetxeak zoriondu eta erakutsitako konpromisoa eskertu” nahi izan du.

Jarraian sinatzaile diren 12 ikastetxeetako zenbait ordezkarik Euskara gabe ez gara manifestua atalez atal irakurri dute. Euskalduntzea burura eramateko kezka izan da motorra, prozesu hori kale egiten ari baita ikastetxeetan eta burura eramatekoa ezinbestekoa dira baita instituzioen eta gurasoen inplikazioa.

Manifestua testuinguru hori azalduz eta autokritika eginez hasten da, jarraian ikastetxeek euskalduntzean sakontzeko etxe barruan hartu eta landuko dituzten hamar konpromisoak aletuz. Konpromiso horiek Hernaniko Ikastetxeek plazaratutako dekalogoan oinarritu dira baina Aiaraldeko ikastetxeek harago joan nahi izan dute, autokritika eginez eta komunitatea ere interpelatuz eskaera zuzen batzuekin.

Familiei zuzenean mintzo dira manifestuan: “ikasleek lortu beharreko konpetentzietan lehena euskara da eta hori lortzeko zuen inplikazioa ezinbestekoa da”. Horretarako, 5 eskaera zehatz jasotzen dira dokumentuan.

Azkenik, instituzioei hiru zutabetan bildu daitezkeen eskaerak egiten dizkiete 10 puntuko zerrendan. Batetik, baliabide gehiago eskatzen dira; bestetik, euskalduntzean adibide izan daitezela; eta azkenik, hizkuntza eta hezkuntza politikak garatzerako orduan hezkuntzako profesionalei hitza eman eta aintzat hartu ditzatela.

Sinatzaileak

Aiaraldeko 12 ikastetxek eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak sinatu dute manifestua:

Amurrio

· Zabaleko Ikastetxea

· Zaraobe Institutua

· Mendiko Eskola

· Amaurre Ikastetxea

· Aresketa Ikastola

Artziniega

· Arteko Gure Ama Ikastetxea

Urduña

· Urduña Herri Eskola

Arrankudiaga-Zollo

· Arrankudiagako Eskola

Okondo

· Okondo Eskola

Laudio

· Laudio Ikastola

· Latiorro Ikastetxea

· Areta Herri Eskola

Babesa adierazi diote:


· Aiaraldeko Ekintzen Faktoria

· Aiaraldeko AEK

· Basalarrina Euskaltzaleen Bilgunea

· Udaberria Euskaltegia

· 24 euskara elkartea

· Laudioko Udal Euskaltegia

· Mendiko Eskolako IGE

· Zabaleko Eskolako IGE

· Kirikino

· Latiorroko Hezkuntza Komunitatea

· Arrankudiagako Eskolako IGE

· Arteko Gure Amako IGE

Interesgarriak izan daitezkeen beste artikulu batzuk