Atzera pausuak eta argi-ilunak Urduña eta Aiarako jaietan

Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak! dinamika aurkeztu eta urtebetera, zein lau urtez eskualdeko jai egitarauak aztertu ostean, jai nagusiak euskararen betaurrekoekin aztertuko ditu Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak. Aipatu dinamikaren gauzatzea neurtu eta euskararen presentziaren bilakaera aztertzearekin batera, ondorio batzuk ere azalduko dira. Hona hemen aurreneko bi txostenak: Urduñako Otxomaioak eta Aiarako Jaiak.

Jaien eremuan euskara bultzatzeko xedearekin udalerri bakoitzeko azterketa bat egingo du Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak. Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak! dinamikak biltzen dituen egitekoak eta azken lau urteetan egitarauan euskarak izan duen presentzia neurtuko dira. Ariketa hori, Urduñako Otxomaio eta Aiarako Jaiekin eginda, atzera pausuak eta argi-ilunak dira nagusi.

Urduña

Bi bidetan eman dira atzera pausuak Urduñan: programazioan eta Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak! dinamikaren gauzatzean. Lehenengoan, lau urteko ikusmirarekin, euskararen presentzia murriztu dela ikus daiteke. Egoera diglosiko batean, zeinean gero eta urduñar gehiagok daki euskaraz, gure hizkuntza biziberritzeko tresna izan beharko luke jaietako egitarauak. Hizkuntza biziberritzea xedea bada, euskarazko kultura eta kontsumoa bultzatu behar dira. Azken urteotako programazioa kontrako bidean doa. Horren erakusgarri da, adibidez, euskarazko musika taldeak programazio osoaren % 50 zirela 2022an eta 2025ean berriz soilik % 28a.

Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak! dinamika Urduñako Udaleko Euskara Arloak azken urteotan garatutako neurrietan oinarrituta abiatu zen iaz. Horregatik, bereziki mingarria da Urduñako Udalak aurten hartu dituen zenbait erabakik ekarri duten atzera pausua. Batetik, txosnen erabilera zehazten duen ordenantza berriarekin, lehen betebehar zena gomendio bilakatu da eta horrek praktikan neurriak ezerezean utzi ditu. Elkarte bakar batek erabaki du hizkuntza irizpideak ez betetzea eta horrekin hizkuntzaren normalkuntzan aktibo zen eremu bat galdu egin da. Elkarte horri atea zabaldu zaio ordenantza berriarekin txosna gunean beraien txosnan euskara baztertzeko: soilik erdarazko musika jarriz eta hizkuntza irizpideak ez betez. Bestetik, txosnetarako edalontzien diseinutik euskararen aldeko mezua ezabatu du Udalak, alde bakarreko erabaki harrigarri batekin. Azpimarratzekoa baita, iaz ez bezala, aurten ostalariekin lanketarik ez dela egin.

Txostenean zabalago azaltzen diren arrazoi horiengatik, egoera kezkagarria da Urduñan eta beharrezkoa da hurrengo urtera begira norabidea erabat zuzentzea, hizkuntza eskubideen eta euskararen biziberritzearen bideari helduz.

Aiara

Argi-ilunak nagusi dira Aiarako jaiak euskararen betaurrekoekin begiratzean. Alde batetik, pozgarria delako egitarauan euskararen presentziak izan duen garapena, eta bestetik kezka, Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak! dinamikak aurreikusten dituen lanak ez direlako egin.

Egitarauan azken lau urtetan umeei zuzendutako programazio guztia euskaraz izan da. Musikari dagokionez, 2023an euskarazko taldeak egitarauan % 25a baziren, aurten %50a izan dira, azken bi urteetan joera gorakoa izan delarik. Ahulgune bakarra alor honetan helduentzako ikuskizunak lirateke, urte bakarrean programatu da eta erdaraz.

Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak! dinamika gauzatzeko nahikoa indar ez da jarri Aiarako jaietan. Kanpainaren difusioa eta aurreikusten diren zenbait ekintza ez dira egin, iaz ez bezala, beraz atzera pausua egon da alor horretan. Euskararen Semaforoa ez da eskuko programan erabili, ostalariekin ez da lanketarik egin, ez dira erabilera bultzatzeko kanpainako elementuak erabili, jaietako edalontzian ez da euskararen inguruko mezurik txertatu, eragileekin ez da lanketarik egin esatari euskaldunak bermatzeko…

Programazioarekin egindako lan ona bestelako neurriekin uztartu ezean, jaietan euskara bultzatzeko xedean hanka motz geratzen gara. Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak! dinamikarekin hartutako konpromisoak betetzea beharrezkoa da, dinamika behar bezala garatuz.

Interesgarriak izan daitezkeen beste artikulu batzuk

2025eko uztailaren 29a
2025eko maiatzaren 13a
2025eko maiatzaren 02a