Egoera arras ezberdinak Arrankudiaga eta Arakaldoko jaietan

Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak! dinamika aurkeztu eta urtebetera, zein lau urtez eskualdeko jai egitarauak aztertu ostean, eskualdeko jai nagusiak euskararen betaurrekoekin aztertuko ditu Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak. Aipatu dinamikaren gauzatzea neurtu eta euskararen presentziaren bilakaera aztertzearekin batera, ondorio batzuk ere azalduko dira. Hona hemen aurreneko bi txosten berri: Arrankudiagako Andra Mari jaiak eta Arakaldoko jaiak.

Jaien eremuan euskara bultzatzeko xedearekin udalerri bakoitzeko azterketa bat egingo du Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak. Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak! dinamikak biltzen dituen egitekoak eta azken lau urteetan egitarauan euskarak izan duen presentzia neurtuko dira. Ariketa hori, Urduñako Otxomaio eta Aiarako Jaiekin abiatu genuen. Orain Arrankudiagako eta Arakaldoko jaiak aztertu ditugu, bi egoera arras ezberdin aurkituz.

Arrankudiaga

Arrankudiagako Andra Mari jaietako azken lau urteotako egitarauak aztertuz egoera egonkor eta positibo bat ikus daiteke 2023tik aurrera. Urte bat lehenago, soilik programatzen ziren musika ekitaldien % 40 izan zen euskara hutsez, hortik aurrera % 70 eta % 80aren inguruan ibili da. Arrankudiagan euskaldunen indizea % 69 inguruan kokatzen da, horregatik ezinbestekoa da programazioa portzentaje horretatik gora egotea. Umeei zuzendutako programazio osoa euskara hutsez izatea bermatu da baita. Helduei zuzendutako ikuskizunei dagokionez azpimarratzekoa da hauek ere euskara hutsez izan direla guztiz.

2024an Arrankudiaga-Zolloko Udalak Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak! dinamikarekin bat egin zuen eta 2025ean ekimenak jasotzen dituen neurri gehienak modu egokian bete dituzte. Salbuespena ostalaritza izan da, hor egin beharreko lanketa gauzatu ez baita. Ostalaritza pieza klabea da jaietan ematen den sozializazioan eta paisaia linguistikoan, horregatik ezinbestekoa da sektore hoenkin lanketa egitea.

Aipatutako joera positiboak herriko gainerako jai egitarauetara zabaltzea litzateke hurrengo pausua, lanketa egitea auzoetan jaiak antolatzen dituzten elkarteekin eta dinamika bera indartzen jarraitzea.

Arakaldo

Jaiek azken urteotan aldi ezberdinak izan dituzte egitarauari dagokionez Arakaldon. 2022an egoera kezkagarria zen, 2023an larria eta 2024tik aurrera hoberako aldaketa bat eman zen, ez nahikoa hala ere. 2023an musikaren programazioa euskara erabat baztertu zen, erdara hutsez izan zelarik. 2024an joera aldatu eta programazioa erdia euskaraz eta erdia erdaraz izan zen, musikari dagokionez. Euskararen egoera diglosikoa da, beraz babes berezia behar du eta bere presentzia indartu beharra dago. Umeen programazioari dagokionez euskara hutsekoa izan da urteotan, helduen ikuskizunak ez bezala, kasu horretan egoerak okerrera egin baitu, azken urtean erdaraz izan delarik eskaintza.

Egitaraua eta programazioa euskararen normalizazioa bultzatzeko tresna garrantzitsua da jaietan eta Arakaldon ez da hori baliatu, zenbait kasutan kontrako norabidean ere joan delarik. 2024an Udalak Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak! dinamikan parte hartzeari uko egin zion eta ez du bestelako lanketarik egin jaietan euskara bultzatzeko.

Interesgarriak izan daitezkeen beste artikulu batzuk

2025eko uztailaren 29a
2025eko maiatzaren 13a
2025eko maiatzaren 02a