Martxoak 6, Encina Castresana Aiaraldeko Kuadrillako lehendakari ohia eta Artziniegako zinegotziak, gaztelaniaz, honakoa zioen Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluaz bere facebook kontuan: “Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluarekin hitzarmena sinatzearen kontra azaldu gara,udalak ez baitu bertan ez ahotsik ezta bozkarik ere.”

Ulertzen zaila egiten zaigu argudio hau eta kontraesan handia dakusagu. Batetik, Encina Castresana andreak Kuadrilla gidatu duen urte guztietan Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak (AIEKE) hitzarmena izan duelako instituzio horrekin, sinatzailea Encina bera izan delarik. Bestetik, 2024an hainbat aldiz eta arrazoi ezberdinengatik bilera eskatu genion Castresana andreari. Bilera hori ez zen inoiz gertatu, ezezkoak eta erantzunik ez, hori da AIEKEk jaso zuena. Ondorioz 2024ko hitzarmena 2024ko abenduaren 20an onartu zuen Aiaraldeko Kuadrillak, AIEKEri buruhauste handiak ekarriz. Horregatik, ezin dugu ulertu Castresana andrearen argudioa.
AIEKEk kolore politiko guztietako udalekin lan egiten du. Gure xede bakarra euskararen normalizazioa da eta horretarako elkarlana oinarri dugu: instituzio, entitate, elkarte eta baita alderdi politikoekin ere. Beste elkarte asko bezala, gu ere independenteak gara: alderdiekiko zein instituzioekiko. Horrek ez du kentzen elkarlanerako hainbat espazio ditugula Udalekin. Esan beharra dago espazio horietako batzuei uko egin ziola Castresana andreak, bere hitza entzuna izateko aukera galduz. Beraz, plazaratu duen argudioak inongo oinarri sendorik ez duela esan beharra daukagu. 44 entitate anitzez osaturiko elkartea gara, gardentasunez aritzen dena eta mundu guztiarekin elkarlana bilatzen duena. Horregatik, gure elkartea horrelako estrategia politiko oker eta ahulekin kaltetzen saiatzea deitoratzen dugu. AIEKE alderdi arteko xextra bultzatzeko erabiltzeari erabat bidegabea deritzogu eta beraz bide hori lagatzea eskatzen dugu.
Mundu guztia entzuteko eta mundu guztiarekin iritziak trukatzeko prest gara, mahai baten bueltan eseri eta kritikak jasotzeko arazorik ez dugu. Gure interesa euskara eskualdean bultzatu, normalizazioa erdietsi eta hizkuntza eskubideak errespetatu daitezen eragile eta norbanako guztiok pausuak eman ditzagula da, ez gehiago eta ezta gutxiago ere. Bide horretan elkarlanerako beti prest, edozeinekin. Alperreko eztabaida antzuetarako berriz, denboraz urri.










