Hizkuntz eskubideei eraso berri bat, epaitegietatik euskarafobia erakustaldi berri bat, argudio faltsuekin euskara berriz ere baztertua… Euskara hizkuntza zaila dela argudiatu zuen epailearen epai irmoa iritsi da Laudiora eta horri erantzuteko Euskal Herriko Euskalgintza Kontseiluak eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak deituta, elkarretaratzea burutu zen atzo, abenduak 21, Laudion. Deialdiak atxikimendu zabala izan du, Euskal Herriko eta eskualdeko eragileak bilduz, tartean Laudioko Udal Batzaren gehiengo osoa eta Udal Langileen Lan batzordea.
Izan ere, Udaleko langileek elkarretaratze propioa burutu zuten eguerdian, hizkuntz eskubideak urratzen dituen eraso honen aurka. Argudio faltsuz jantzi den epaiak, euskarafobia eta lan eskubide eta hizkuntz eskubideen arteko dikotomia faltsuaren ideia ditu oinarri. Horren aurrean ixilik geratu ez eta egunerokoan, esparru guztietan lanean jarraitzera deitu du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak, euskaldunak gure herrian arrotz izan ez gaitezen.
Elkarretaratzean Laudioko alkate Ainize Gastaka, Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubeka, Euskaraldiko koordinatzaile Goiatz Urkijo, AEk-ko eta euskaltegietako ordezkariak, politika arlokoak, ikastetxeetakoak, sindikatuak, eskualdeko euskara teknikariak, elkarte ezberdinetako ordezkariak… bildu ziren, besteak beste, eskualdeko herritarrekin batera.
Atxikimenduak
Euskal Herri mailako eragileak: ELA, LAB, STEILAS, Euskalgintzaren Kontseilua eta Hizkuntz Eskubideen Behatokia.
Aiaraldea mailan: EAJ, EH Bildu, OMNIA, Hogeitalau elkartea, Basalarrina Euskaltzale Elkartea, Sorginlarren, Kirikino, Aiaraldea Koop. Elkartea, Laudio Ikastola, Latiorro Ikastetxea, Areta Herri Eskola, Laudio BHIko zuzendaritza, Aresketa Ikastola, Mendiko Eskola, Zabaleko Ikastetxea, Urduñako Herri Eskola, AEK, Laudioko Udal Euskaltegia, Aiaraldeko Hezkuntza Publikoa Bizirik! plataforma eta Laudioko Udaleko langile Batzordea.
Adierazpenak
Hedabideek horrela jaso dute: Aiaraldea.eus, Berria , Naiz, Alea