Amurrion ‘Euskaraz bizi nahi dugu’ manifestua bultzatu du Aiaraldea hedabideak

Atxikimendu kanpaina abiatu du Aiaraldea hedabideak Amurrion euskaraz bizi nahi dugu manifestua sarean jarriz. Amurrioko Udalak elkarlanerako 2012tik indarrean zuten hitzarmena hautsi ostean, elkarretaratzea deitu dute ekainaren 21erako.

Hiru eskakizun zehatz jasotzen dituen manifestua zabaldu du sarean Aiaraldea hedabideak. Amurrion euskaraz bizi nahi dugu aldarrikatuz, balioan jartzen ditu urte guzti hauetan emandako pausuak eta gehiago emateko beharra azpimarratzen du “euskara bidegurutze batean” baitago. Bide honetan “guztien ekarpena berebizikoa izan da”, horregatik “elkarlanerako espazioak sortzea” garrantzitsua da. Egoera kezkagarria den honetan, euskararen biziberritzean “funtsezko zeregina” betetzen dutela ” Aiaraldea bezalako euskara hutsezko komunikabideek” eta beraz “beharrezkoa da instituzio publikoetatik euren jarduna ekonomikoki eta sozialki babestea”. Amurrioko Udalak diru-laguntza ezabatu ostean sortutako testuinguruan hiru dira manifestuak herriko udal gobernuari egiten dizkion eskaera zehatzak: euskalgintzarekin elkarlana estutu dezala, Aiaraldea hedabidearekin bildu dadila eta ezabatutako hitzarmena berrezarri dezala diru-laguntza eguneratuz. Idatzia esaldi esanguratsu honekin ixten dute: “euskarak denona izan beharko lukeelako, eman ditzagun horren aldeko urratsak”.

Atxikimendua

Norbanako, entitate eta elkarteen babesa biltzeko asmoz atxikimendu kanpaina abian jarri dui hedabideak. Horrekin batera, elkarretaratze batera deitu dute ekainaren 21erako Amurrioko Juan de Urrutia plazan 19:30ean. Manifestua irakurri zein atxikimendua emateko hemen duzue lotura.

Interesgarriak izan daitezkeen beste artikulu batzuk