Jada eta tamalez, klasikoa bihurtzeko bidean da Hauxe da, Amurrioko udal-aldizkaria, Errotuladore gorria sailean. Euskararen presentzia eskasa, ez baita edukiaren laurden batera ere iristen, Amurrioko euskaldunen indizea %43,5 denean; Euskararen legea eta sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko Eusko Jaurlaritzaren otsailaren 22ko 19/2024 dekretuaren kontrakoa da baita; Amurrioko udalaren Euskara Planak jasotzen duena betetzen ez duena; eta gainera, euskarazko edukietan akats larriak maiz.
Aipatu dekretuak, adibidez, irudi instituzionalei buruzko 10. artikuluan, argitalpenak eta antzekoak, informatiboak edo dibulgaziozkoak, euskarria edozein dela ere, bi hizkuntza ofizialetan zabalduko direla dio. Hau irakurrita zalantza gutxi jada, Amurrioko euskaldunok eskubidea baitugu udal aldizkaria bere osotasunean euskaraz irakurtzeko eta beraz, Udala sistematikoki ari da eskubide hori urratzen hamabostean behin.
Dekretuak, legeak, Euskara Planak berak, egoera iraultzea eskatzen du. Baina hau gutxi balitz, aldizkariak dakarren euskara urria maiz akatsez zipriztindua dator, bide batez gaztelaniazko edukiarekin gertatzen ez dena, sorpresa! Euskara gutxi eta gainera eskasa. Oraingoan ergatiboa ahaztuta utzi dute, non eta lerroburuan. Leioan bada Informazioen fakultatea eta Amurrion bertan euskaltegia, aukerak badira, faltan sumatzen da baina errespetua.
Errotuladore Gorria. Euskaldunok gure hizkuntza eskubideak urratuta ikusten ditugunean, euskara baztertua denean, hizkuntzak tratu txarra jasotzen duenean,… ez geratu kexan, amorruan edo ezinean, bidaliguzue argazki bat edo eta egoeraren azalpena, guk atal honetan publiko egingo dugu.
Emaila: info@aiaraldekoeuskalgintza.eus
whats-app/tlf: 688 86 29 49