Garai berrietarako web-gune berria

10 urte beteko ditu 2026an Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak. Bide oparo horretan ezinbesteko komunikazio tresna izan da aiaraldekoeuskalgintza.eus web-gunea. Urte muga borobilaren atarian, eraberritu dugu erabat, dinamikoagoa, garbiagoa, eraginkorragoa eta erakargarriagoa sareratuz.

Abenduaren 10eko Kontseilu Orokorra baliatuz, web-gune berria aurkeztu du Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak. Irudi eraberrituarekin batera edukiak antolatu eta komunikazio tresna hau indartu dugu. Irakurleak bertan topatuko ditu albisteak, elkartearen ekimenak aletuta, gure argitalpenak eta baita ere, lehen aldiz, diru ekarpena egiteko aukera.

Web-gune berria 4 ataletan antolatu dugu: albisteak, proiektuak, argitalpenak eta AIEKE. Azken atal honetan, elkartearen osaera, Plan Estrategikoa, xedea eta lan ildoak jasotzen dira, elkartearen nolakotasunaren aurkezpen txartel gisara. Albisteetan berriz, elkartearen gaurkotasunaz informatzeko aukera izango da. Proiektuak atalean, aurrera eraman diren eta martxan diren ekimenen inguruko informazio zehatza kontsultatu daiteke. Azkenik, argitalpenak orrialdean argitara emandako manifestu, prentsa ohar eta bestelako txostenak eskuratu daitezke.

Gardentasunaz eta irudi fresko batez Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren nondik norako guztiez jakitun izateko tresna izango da aurrerantzean airaldekoeuskalgintza.eus web-gunea.

Interesgarriak izan daitezkeen beste artikulu batzuk