Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseilua jaio da

Eskualdeko hainbat esparrutako 40 entitatek osatu dute Euskararen normalizazioan elkarlanean aritzeko helburua duen Kontseilua.

Pasa den ostiralean, otsailak 12, Laudioko kultur-etxean Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua sortu zen hamarnaka hezkuntza zentro, kultur eta kirol elkarte, euskararen normalizazioan ari diren erakunde eta entitate eta norbanakoen parte hartzearekin.

Duela bi urte, euskararen normalizazioan ari diren zenbait lagun bildu ziren Aiaraldea eskualdean (Laudio, Amurrio, Urduña, Aiara, Orozko, Artziniega, Okondo, Arrankudiaga-Zollo eta Arakaldo) euskalgintza indartzeko eta sustatzeko helburuarekin. Bilera horietatik udalerriz-udalerri euskararen egoeraren azterketa egin eta bi ondorio nagusi agertu ziren: euskara-kirola eremua lehentasunezko lan-esparrua dela eta normalizazioaren bidean eragile ezberdinak elkarlanean aritzeko gune bat osatu beharra zegoela.

Bigarren helburu handi horren emaitza da orain sortu den Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseilua, euskararen normalizazioan parte hartzen duten eta parte hartu nahi duten hamaika eragileren elkarrekintza eta sinergiak bilatuko dituen gunea.

Eskualdeko Euskalgintza Kontseilua egitasmoa lantzen aritu izan gara hilabeteetan; lantaldeak, helburuak, osaera, baliabideak, metodologia zehazten… Proposamen zirriborro bat prestatu eta euskalgintzako beste pertsona batzuekin partekatu genuen azaroan Amurrion. Bertan hamaika elkarte, erakunde eta norbanako batu ginen, Kontseilua osatzeko urratsa emateko prest agertuta.

Jaio berri den Kontseiluaren helburuak dira, besteak beste, Aiaraldeko euskararen normalizazioaren alde urratsak eman nahi dituzten eragile zein norbanakoen bilgune iraunkorra izatea, egiten den lanaren eraginkortasuna bilatzea, gogoetarako foroa osatzea, estrategiak diseinatzeko eta gauzatzen laguntze ko euskarriak sortzea, erreferente izatea eta instituzioekiko eta entitate pribatuekiko interlokuzio aktiboa izatea.

Azken bizpahiru hilabeteko egitekoa izan da entitate (hezkuntza, ekonomia, instituzioak, aisialdia, kultura…) ezberdinen atxikimendua eta parte-hartzea bideratzearekin batera, Aiarako Kuadrilako presidentearekin eta udaletako alkateekin zein euskara teknikariekin bilerak egin eta egitasmoa aurkeztea, Kontseilu honi babesa eman eta elkarlanean aritzeko gonbitea egiteko. Instituzioek harrera ona egin diote proiektuari eta datozen hilabeteetan Kontseiluaren eta 10 instituzio horien arteko elkarlan-esparrua zehaztea da gure asmoa.

Ostiraleko batzar eratzailearen ondoren, Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak maiatzean izango du hurrengo batzarra. Ordurako, lehen Kontseilu eratzailean izendatutako Talde Eragileak 2016ko plangintza eta aurrekontua landu, elkartea legeztatu, instituzioekiko hitzarmenak bideratu eta beste zenbait lan gauzatuko ditu.

Euskararen normalizazio lanean zeregin garrantzitsua izango den foroa sortu dugu behean sinatzen dugunok, baina nabarmendu nahi dugu Kontseiluak ateak zabal-zabalik dituela edozein erakundek edo pertsonak bertan parte hartu dezan.

Lehen harria jarri dugu, etorkizuna gure eskualdean euskaraz biziko den konbentzimendu osoz.

aiaraldeko_euskalgintza_kontseilua

Leave a Reply

%d bloggers like this: