30 EGUN EUSKARAZ AIARALDEAN! 1.000 AHOBIZI ETA 5.000 BELARRIPREST ARMAIRUTIK ATERATZEKO PREST!

Iazko euskararen egunaren bueltan aktibatu genuen euskararekiko konpromiso dinamikari jarraipena ematea erabaki dugu aurten.

Aiaraldea euskaldun” lelopean 2016an egindako dinamikak aurten segida izango du beraz, baina aurten, eskualdeko 9 udalerrietan zabalduko den dinamikan konpromiso oso zehatza eskatuko zaie Aiaraldeko herritarrei: 7 egunez euskaraz bizitzeko konpromisoa hain zuzen ere.

TALDEARENA

HELBURUA

Aurtengo herri-erronkaren helburu nagusiak hauek dira:

  • Aktibazio ekimen jendetsua eta konprometitua antolatzea eskualde luzezabalean.
  • Egunaren testuingurutik harago, epe ertain eta luzerako euskaldunen aktibazio bilatuko duen ekimena.
  • Eskualdeko herritar askoren hizkuntz-ohiturak aldatzea eta euskararen kaleerabilera handitzea.

ZEIN DA ERRONKA?

Herri-erronka izango da, euskaraz hitz egiten duten edo ulertzen duten aiaraldear guztiei zuzendua. Batzuei “hizkuntzaren armairutik” ateratzea proposatzen diegu, eta besteei, armairutik atera diren horiek animatzea eta laguntzea. 30 eguneko erronka izango da, astebeteko lau txandatan gorpuztuko dena: azaroaren 3an hasi eta euskararen egunean, abenduaren 3an amaituko dena.

Zer da hizkuntzaren armairutik ateratzea?

Gure gaztelaniazko hizkuntza ohituretatik ateratzea eta hizkuntza portaera euskarara ekartzea da. Horretarako bi figura izango dira beharrezko:

Baietz 1.000 ahobizi armairutik atera!

Euskarazko jokabide aktiboa hartuz, hizkuntzaren armairutik aterako diren herritarrak dira. Astebetez euskaraz egingo diote ulertzen duen guztiari.

Baietz 5.000 belarriprest lortu!

Eurei euskaraz egitea ondo hartzen dutela adierazten duten herritarrak dira, hitz egiteko gaitasunik ez, baina euskara ulertzen dutela adierazi eta ahobiziei eurekin euskaraz aritzeko gonbitea egingo diotenak.

30 eguneko erronka!

Erronkak iraungo duen hilabetea 4 astetan banatuko da, eta aste bakoitzean eskualdeko herri jakin batzuk ariko dira ahobizi eta belarriprest, zazpi eguneko txandetan. Gure eskualdeko ekialdetik hasi eta mendebaldera zabalduko dira txandak. Lau astetako txanda dinamika amaituta, azken asteburua (abenduak 1etik 3ra) herrietan txanda egin duten guztiak izango dira ahobizi eta belarriprest, elkarrekin. Abenduaren 3an jai eta aldarrikapen egun eder bat antolatuko dugu Urduñako kaleetan.

Zein da konpromisoa?

Ahobizi zein belarriprest izateko prest agertzen diren herritarrek, gutxienez astebetez (7 egunez) hartuko dute euren hizkuntz ohiturak aldatzeko konpromisoa. Txanda hautatu beharko dute horretarako, eta konpromisoak irauten duen denboran jantzita eraman beharko duten txapa bat emango zaie. Hautatuko txandaz gainera, azken asteburuan denak ahobizi eta belarriprest izango dira, euskararen egunera arte.

Erronkan parte hartzeko baldintzak

Aiaraldean jaio, bizi, ikasi edo lan egiten duten 14 urtetik gorako herritarrek (2004a baino lehen jaiotakoek) parte hartu ahal izango dute erronkan.

Erronkan parte hartzeko ezinbestekoa da izena ematea.

Ahobizi izateko euskaraz hitz egiteko gaitasuna izan behar da, eta belarriprest izateko aldiz, euskara ulertzea nahikoa da.

Izen ematea ezinbestekoa izango da

Erronkan parte hartzeko ezinbestekoa izango da izena ematea. Ahobizi edo belarriprest izateko konpromisoa hartzen duten herritarrekin harremanetan jarriko da Euskalgintza Kontseilua txandak antolatzeko, hizkuntz-ohituretan aldaketa eman dadin motibazio tailerretara gonbidatzeko, eta konpromisoak irauten duen bitartean parte hartzaileek paparrean eraman beharko duten txapa emateko.

Izen-ematea udalerri bakoitzeko txanda hasi baino 15 egun lehenago itxi nahiko genuke.

ARRANKUDIAGA-ZOLLO eta ARAKALDO: Urriak 20a baino lehen.

OROZKO, OKONDO eta LAUDIO : Urriak 27a baino lehen.

AMURRIO, AIARA eta ARTZINIEGA: Azaroak 3

URDUÑA: Azaroaren 10a baino lehen.

KONPROMISO TXANDAK

Txanda dinamika modu honetan antolatuko da;

1go txanda: Azaroaren 3tik azaroaren 10era arte

Arrankudiaga-Zollo eta Arakaldo

2. txanda: azaroaren 10etik azaroaren 17a arte

Laudio, Okondo eta Orozko

3. txanda: azaroaren 17tik azaroaren 24a arte

Laudio, Amurrio, Aiara eta Artziniega

4. txanda: azaroaren 24tik abenduaren 1a arte

Laudio, Amurrio eta Urduña

Azken asteburua: Abenduak 1-3

1.000 ahobiziak eta 5.000 belarriprestak elkarrekin

Abenduaren 3an, igandea, Urduñan elkartuko gara ahobizi eta belarriprest guztiak jai eta aldarrikapen egun batean.

ESKUALDEKO 9 UDALEN ETA KOADRILAREN PARTE HARTZEA

Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak eskualdeko instituzioekin sinatua duen elkarlan akordioa dela medio, kanpaina honetan ere eskualdeko tokiko instituzio guztiek parte hartuko duten aktiboki.

Era berean, dinamika hau garatzeko Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du Kontseiluak.

IZENA EMATEKO:

https://labur.eus/aiaraldeaeuskaldun

BAIETZ 1000 AHOBIZI ETA 5000 BELARRIPREST LORTU!

%d bloggers like this: