2019an alde biko kanpaina egin genuen: herritarrak mobilizatuz eta politikariak interpelatuz. Ez we can´t egoeratik Bai we can-era pasaz. Eskualdeko 25 talde politikok euskararen normalkuntzan aurrera egiteko konpromisoak sinatu zituzten.
Azken hilabeteetan, ekimenaren bigarren fasea aktibatu dugu, herriz-herri jarraipen mahaiak deituz. Udal agintariekin eta alderdi politiko sinatzaileekin konpromisoak birpasatu eta egoeraren diagnosia egitearekin batera, aurrera egiteko proposamenak zehaztu ditugu lan bilera hauetan. Aiaraldea osatzen duten 9 udalerrietatik, jada 7tan bildu gara eta falta diren 2etan iraila baino lehenago egitea espero dugu. Batzarrak emankorrak izaten ari dira eta azpimarratzekoa da, guzti guztiak, giro eraikitzailean eta euskara hutsez burutzen ari direla.
Bilera hauetan konpromisoz konpromiso egungo egoera zein den aztertzen joan gara. Aurrera egiteko zailtasunak non dauden identifikatu eta aurrera egiteko proposamen konkretuak jarri ditugu mahai gainean. Etxekolanak jarri ditugu mahaiaren bi aldeetara. Kontsultak egin ditugu UEMAn zalantzak ziren alorretan eta alternatibak eskaini, bakoitzak, dagoen lekutik, aurrera pausuak eman ditzan. Izan ere, euskararen alorrean, aurrera pausurik ez denean, atzera goaz ezin bestean.
Euskara zinegotzia edo eta Alkatea, euskara teknikaria eta alderdi sinatzaileetako ordezkari bana izan dira mahaiaren bueltan bildu ditugunak herriz-herri. Dinamika honek fruituak ematen ari da jada, eta modu baikorrean baloratzen dugu. Ahulguneak identifikatzeaz gain praktika onak ere jaso ditugu eta gainerako Udalerrietako mahaietara eraman. Bilera hauek ez dira puntualak eta jarraipena dute, hots hurrengo hitzordua zehaztuta altxatzen gara mahaitik. Legegintzaldiaren bukaera aldera balorazio publiko eta zehatzago bat egin ahal izango dugu. Lau urteotako lanak zer ekarri duen ikusteko unea izango da orduan.
Alor honetan iritziak, galderak, ekarpenak, iradokizunak,… badituzu, bidalizkiguzu estimatuko ditugu! info@aiaraldekoeuskalgintza.eus