Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseilua birsortze prozesu betean darama azken hilabeteak, abenduan borobilduko dena. Barrura begirako lanketa horretan buru belarri izanagatik ere, ez diogu zenbait lan ildo estrategikotan ekimenak gauzatzeari uko egin izan ahal. Instituzioen alorrean Bai We Can aktibatu badugu, hezkuntza arloan proiektu berria dakargu: Gurasoleku.
0-5 urte bitarteko haurrak dituzten familien baitan euskararen transmisioa bultzatzea du xede Gurasoleku programak. 2021-2022 ikasturtean Amurrioko ikastetxe eta haurreskoletan garatuko dugu egitasmoa, ondorengo urteetan epeka Aiaraldea osora zabaltzeko asmoarekin. Bide honetan AEK dugu ezinbesteko bidaidea. Gurasoleku gauzatzeko Amurrioko ikastetxe, haurreskola eta guraso elkarteen berebiziko konplizitatea bilatuko dugu eta guraso, irakasle eta haurren parte hartzea. Amurrioko kasuan, 510 haur eta haien familiei helaraziko diegu proposamena.
Aurkezpenak, motibazio saioak, promozio kanpaina, formazio saioak, euskara eskolak, aisialdia, mintza-praktika, eskertza ekitaldia, marko teorikoa,… hori guztia barne biltzen du Gurasolekuk, pertsona guzti-guztiei, zerotik abiatuta ere, norbere neurri eta erritmoan, euskararen bidean pausuak eman ditzakeela erakutsi eta bidean laguntzera datorrena.
2016tik arrakasta handiz Lasarte-Orian Ttakun elkarteak kudeatzen duen programan oinarritutako proposamena da Gurasoleku.