Gaur goizean ekimen berria aurkeztu dugu Aiaraldeko Ekintzen Faktorian: Hautagai euskaldunak. Hedabideen aurrean egindako agerraldian, azken hilabeteetan Aiaraldeko Udaletan ordezkaritza duten alderdiei aurkeztutako ekimena publiko egin dugu.
Apiriletik, Aiaraldeko 9 udaletan ordezkaritza duten alderdi politiko guztietako arduradunekin, bitariko bilerak izan ditugu. EAJ, EHBildu, PSE, PP, ADIE, OMNIA, Okondo Aurrera, Aiara Batuz eta Orain Amurrio gure proposamena entzutera eseri dira eta hori oso modu positiboan baloratzen dugu.
2023ko Udal hauteskudeei begira alderdiei helarazitako ekimena horrela laburbiltzen da.
Bat. Beharrezkoa deritzogu, hauteskunde zerrendak publiko egitean, hautagai bakoitzaren informazioarekin batera pertsona hori euskalduna edo euskaldun hartzailea den adieraztea. Transparentzia ariketa bat izateaz gain, herritarrok bozka eskubidea ahalik eta informazio osatuenarekin gauzatu dezagun ezinbesteko da.
Bi. Informazio hori eskaintzen duten zerrendak modu positiboan baloratuko ditugu publikoki, euskaldun kopuruaren gainetik, informazioa emate hutsak euskarari balioa eta garrantzia ematea baitakar.
Hiru. Hautesle zerrendak publiko egitean, zerrenda bakoitzari nota bat jarriko diogu, hautagai euskaldunen presentziaren araberakoa. Neurketa, gaur publiko egiten dugun dokumentuak jasotzen duen puntuaketa sistemaren bidez egingo dugu. Formula horren arabera zerrenda batek ezingo du gainditu alkategaia erdaldun elebakarra baldin bada. Nota hori, noski, publiko egingo dugu.
Aurrera-pausuak nahi ditugu euskararen normalkuntzan, hizkuntz eskubideak udaletan bermatzea nahi dugu, horregatik, ezinbestean, hautagai euskaldunak behar ditugu.
Albistea hedabideetan
Aiaraldea Gaur , Berria, Alea, Hamaika telebista, Argia, Naiz.
Dokumentuak