Aurtengo Euskaraldiaren bukaera dugu gaur, baina ginga bihar jarriko dugu Arakaldon. Hemen ezer ez baita bukatu, egiteko asko dago eta nabarmenak dira ditugun erronkak. Baina lana egitea bezain inportantea da jai egitea. Festa gauza serioa baita eta behar beharrezkoa. Euskaldunok ere gozatzeko gura dugu eta!
2016an Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua jaio eta Aiaraldean euskararen eguna elkarrekin ospatzeari ekin genion. Aterkipean hasi ginen egun eguzkitsu batean eta elurretan, euritan eta osasun larrialdi batean aritzea tokatu zaigu. Bidean gelditu barik, etapaz etapa, Aiaraldeko udalerri guztietan izango gara. Aiaraldea josi nahi baitugu, handi nahiz txiki, euskararen hari koloretsuaz.
Komunitatea batu, Aiaraldea ezagutu eta euskara bultzatu. Horra hor gure xedea. Elkarrekin arituz eta bidean gozatuz.
Ibil ditzagun euskararen bideak, ttipi-ttapa ezagutu ditzagun gure eskualdeko lurrak, bildu gaitezen elkar ezagutu eta elkarrekin eragiteko, euskaldunok aurrera egin dezagun.
Euskarak guztiok interpelatzen gaituelako ume, gazte, guraso, adineko, instituzio, kirol eta kultur elkarte, etorri berri,…
Negua dator eta hosto koloretsuz jantzi nahi dugu euskararen zuhaitza, non eta Arakaldon! Gu bai ausartak!
Horretarako guztiok beharrezkoak gara. Zu ere, etorri gurekin, abenduaren 3an euskaraz, euskararekin eta komunitatearekin gozatzera, ospatzera eta partekatzera. Egitarau oparoa prest dugu eta!
Batu gaitezen, bultzatu dezagun… Euskaraktibatu Aiaraldea!
Informazio guztia gure Buletin berezian duzu.