2019an abiatutako dinamikari jarraipena emanez, euskararen normalizazioan pausuak eman eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluarekin elkarlanean aritzeko konpromisoak hartu dituzte Orozkon EH Bilduk eta Elkarrekin-Podemos-ek. Duela lau urte ez bezala, konpromisoak sinatzeari uko egin dio EAJk.
Bai We Can dinamika abiatu zuen Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak duela lau urte, eta pasa den maiatzaren 3an Sarauben balorazioa aurkeztearekin batera, legegintzaldi berrirako konpromisoak argitaratu. Proposamen berria hautagaiei helarazita, hurrengo egunetan jakinaraziko dugu Aiaraldeko alkategaiek zeintzu konpromiso hartu dituzten; udaletan euskararen normalizazioa bultzatu, alderdi politikoak euskararen normalizazioan pausuak eman eta elkarlana sustatzea xede duen ekimen honen bidez.
Orozko
EH Bilduko alkategai Samu Pasadinek konpromisoen jarraipen mahaian parte hartzeko konpromisoa sinatu du. Bertan udalaren hizkuntz politikaz hitzegitearekin batera, hizkuntz eskubideen urraketen aurrean elkarrekin jarduteko protokolo bat osatzea adostuko da.
Kanpainan kartelak gutxienez elebiz egingo ditu EH Bilduk, euskarari lehentasuna emanez. Horrez gain, hauteskunde ekitaldi orotan euskararen presentzia gutxienez % 50ekoa izango dela bermatzen du.
Beste 16 konpromiso hartu ditu Pasadinek: alkate izanez gero sailen buru zinegotzi euskaldunak jartzeko, euskara ikasteko doakotasuna lortzeko, udalaren kanpo komunikazioa euskaraz bermatzeko, Euskara Planaren betetze maila ezagutarazteko, programazioan euskararen presentziaren gutxieneko kuota ezartzeko, 18 urtez beherakoei eskaintza euskaraz izateko bere osotasunean, udal batzetan bere jardunaren erdia behintzat euskaraz egiteko, udalaren programazioa aurkeztean hizkuntza azterketarekin batera plazaratzeko, udalaren ikastaroetan monitoreak elebidunak izateko, normalizaziorako giza-baliabideak bermatzeko, udalaren jendaurreko arreta zerbitzuak euskaraz izan daitezen, diruz lagundutako elkarteen kanpo komunikazioa elebitan izan dadin, kanpo kontratazioetan zein lan eskaintzan hizkuntz irizpideak ezartzeko eta herritarrei udal bileretan euskaraz aritzeko eskubidea bermatzekoa.
Dokumentu honetan irakur daitezke sinatutako konpromiso zehatzak:
Elkarrekin-Podemos-eko alkategai Pablo Gomezek konpromisoen jarraipen mahaian parte hartzeko konpromisoa sinatu du. Bertan udalaren hizkuntz politikaz hitzegitearekin batera, hizkuntz eskubideen urraketen aurrean elkarrekin jarduteko protokolo bat osatzea adostuko da.
Kanpainan kartelak eta kanpo komunikazio guztia gutxienez elebiz egingo du Elkarrekin-Podemos-ek, euskarari lehentasuna emanez. Horrez gain, kanpaina ekitaldietan euskararen presentzia gutxienez % 50ekoa izango dela hitzematen dute.
Beste 12 konpromiso hartu ditu Gomezek: euskara ikasteko doakotasuna lortzeko, udalaren kanpo komunikazioa euskaraz bermatzeko, Euskara Planaren betetze maila ezagutarazteko, programazioan euskararen presentziaren gutxieneko kuota ezartzeko, 18 urtez beherakoei eskaintza euskaraz izateko bere osotasunean, udalaren programazioa aurkeztean hizkuntza azterketarekin batera plazaratzeko, udalaren ikastaroetan monitoreak elebidunak izateko, normalizaziorako giza-baliabideak bermatzeko, diruz lagundutako elkarteen kanpo komunikazioa elebitan izan dadin eta kanpo kontratazioetan zein lan eskaintzan hizkuntz irizpideak ezartzeko.
Dokumentu honetan irakur daitezke sinatutako konpromiso zehatzak:
EAJko alkategai Aitor Izak, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluarekin biltzeko eskaerari ezetza eman dio eta sinatzeari uko egitea erabaki du, azken legegintzaldian bere alderdiak Bai We Can dinamikan parte hartu duen arren.
Udal hauteskundeei begira, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak ekimen ezberdinak garatuko ditu, euskara agendan jarriz, hizkuntz eskubideak aldarrikatuz, gardentasuna praktikatuz eta normalkuntzak pausuak eskatuz.