Duela lau urte abiatutako dinamikari jarraipena emateko, euskararen normalizazioan pausuak eman eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluarekin elkarlanean aritzeko, konpromisoak hartu ditu Artziniegako EH Bilduk. Duela lau urte ez bezala, konpromisoak sinatzeari uko egin dio EAJk.
Bai We Can dinamika abiatu zuen Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak duela lau urte, eta pasa den maiatzaren 3an Sarauben balorazioa aurkeztearekin batera, legegintzaldi berrirako konpromisoak argitaratu. Proposamen berria hautagaiei helarazita, hurrengo egunetan jakinaraziko dugu Aiaraldeko alkategaiek zeintzu konpromiso hartu dituzten; udaletan euskararen normalizazioa bultzatu, alderdi politikoak euskararen normalizazioan pausuak eman eta elkarlana sustatzea xede duen ekimen honen bidez.
Artziniega
EH Bilduko alkategai Joseba Vivancok konpromisoen jarraipen mahaian parte hartzeko konpromisoa sinatu du. Bertan udalaren hizkuntz politikaz hitzegitearekin batera, hizkuntz eskubideen urraketen aurrean elkarrekin jarduteko protokolo bat osatzea adostuko da.
Kanpainako kartelak eta kanpo komunikazio guztia gutxienez elebiz egingo du EH Bilduk, euskarari lehentasuna emanez.
Beste 6 konpromiso hartu ditu Vivancok: euskara ikasteko doakotasuna lortzeko, udalaren kanpo komunikazioa euskaraz bermatzeko, 18 urtez beherakoei eskaintza euskaraz izateko bere osotasunean, diruz lagundutako elkarteen kanpo komunikazioa elebitan izan dadin eta lan eskaintzan hizkuntz irizpideak ezartzeko.
Dokumentu honetan irakur daitezke sinatutako konpromiso zehatzak:
EAJko alkategai Encina Castresanak, konpromisoak sinatzeari uko egin dio, duela lau urte egindakoaren kontrara.
Udal hauteskundeei begira, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak ekimen ezberdinak garatuko ditu, euskara agendan jarriz, hizkuntz eskubideak aldarrikatuz, gardentasuna praktikatuz eta normalkuntzak pausuak eskatuz.