Nola neurtu dezakegu herri baten aberastasuna? Ohikoak dira datu ekonomiko edo estatistikoetan oinarritzen diren diagnosi kuantitatiboak; baina, neurketa hauetatik guztietatik kanpo geratzen da beti gure herriaren benetako potentzia: ondare kulturala.
Lehenik eta behin, beldurrik gabe baieztatu dezakegu euskal kultura bizirik dagoen memoria dela, eta gure sen hau markatzen duen erro bakarra euskara dela. Euskara baita euskaldun egiten gaituena. Gu guztiok euskaldunok eta euskaltzaleok makina bat abentura lotzen dizkiogu Korrikaren etorrerari. Are gehiago, Korrikak bi urterik behin aukera paregabea ematen digu euskara gertutik sentitzeko, bizitzeko eta dastatzeko. Zalantzarik gabe, Korrika herriaren babesarekin sortutako ekimen arrakastatsuena eta eraginkorrena izan da.
Hain momentukoa eta aldakorra den gizarte honetan eraginkorra izateari ez ote dion utziko galdetzen diot neure buruari. Izan ere, Korrikatik eta haratagoko konpromisoak hartzeko gai ez bagara, potentzia hori guztia anekdota bilakatzeko arrisku bizian gaudela uste dut.
Gauzak horrela, herritarrok kontsumitzaile hutsak izateari utzi eta aktore bilakatzeko beharrean gaude. Ezinbestean, aurten ere martxoaren 22an goizeko 6:25ean Artziniegatik sartu, eta Aiaraldea zeharkatuko duen Korrikarekin bat egin behar dugu. Baina, izan ditzagun bihotzean eta buruan hurrengo ediziora arte geratzen diren 730 egunak. Egun luze horiek izango baitira gure etorkizuna eta gure benetako potentzia markatuko dutenak.
Naiara Merino Saenz de Lafuente
Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluko lehendakaria