2024ko aurrekontuetan etorri da kolpe berria: orokorra handitu den arren, euskara arloko aurrekontua murriztu egin du Amurrioko udal gobernuak. Gutxienez aurrekontu osoaren %2a euskara alorrera eskaintzea aholkatzen du Eusko Jaurlaritzak, Amurrio %1,51 eta %0,82 artean kokatzen da Aiaraldea hedabideak argitaratu berri duenez.
Aiaraldea hedabideak Amurrioko Udal aurrekontuak aztertu ditu eta datu kezkagarriak eman ditu argitara. Udalaren datu ofizialetan oinarrituta, euskarak 2021etik etengabe pisua galtzen joan da aurrekontu orokorretan. Horrez gain, 2024an euskara arloko aurrekontua %8 murriztu dela azpimarratu behar da, aurrekontu orokorra igo egin den testuinguru baten. Beraz, iaz baino 33.945,52€ gutxiago inbertituko ditu udalak euskara alorrean. Datu gehiago eskuratu eta analisi interesgarria artikulu honetan irakur daiteke.