Azaroak 4ko manifestaldiari begira euskalgintzak aurkeztutako mozioarekin bat egin du Amurrioko Udaleko gehiengoak. Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak aurkeztutako testua bere egin dute adierazpen instituzional batean Amurrioko EAJ eta EH Bilduk. Udalean gehiengo osoa osatzen duten bi alderdiek kezka adierazten dute euskararen kontrako epai oldarraldiaren aurrean eta Euskal Herriko Euskalgintzaren Kontseiluak azaroak 4rako antolatutako manifestaldian parte hartzera deitzen dituzte herritarrak.
Adierazpen instituzionala argitaratu dute Amurrioko EAJ eta EH Bilduk, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak eskualdeko Udal guztietan aurkeztutako mozioarekin bat eginez. Udal batzan gehiengo osoa duten bi alderdiek, herritarrak azaroaren 4rako Euskal Herriko Kontseiluak deitu duen manifestaldian parte hartzera deitu dituzte. Egun, euskararen aurka bizi dugun oldarraldi judizialaren aurrean kezka adierazten du testuak, epaitegietatik datozen erabakiak euskararen normalkuntzaren eta bizberritzearen aurkakoa direla azpimarratuz.
Euskal Herriko Euskalgintzaren Kontseiluak manifestaldi nazionala deitu du azaroak 4rako Bilbon arratsaldeko bostetan, euskararen kontrako oldarraldi judiziala salatzeko asmoz. Ekimenarekin bat eginez, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak mozioa aurkeztu du Laudio, Amurrio, Urduña, Aiara, Okondo, Orozko, Arrankudiaga-Zollo, Artziniega eta Arakaldoko Udaletan, bertako udalbatzek adierazpen publikoa egin dezaten eta azaroak 4ko ekimenarekin bat egin dezaten. Amurrion, Orozkon, Aiaran, Urduñan eta Artziniegan jada onartu dituzte mozioak, astelehenean berriz, Laudion eztabaidatuko da osoko bilkuran. Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak mozioa aurkeztutako udalerri guztietan onartzea espero du.