Adierazpen publikoa kaleratu dute Arrankudiaga-Zolloko udalbatza osatzen duten bi alderdiek. EH Bilduk eta EAJk elkarrekin kaleratutako testuan bat egiten dute euskalgintzak aurkeztutako mozioarekin, herritarrak azaroaren 4ko manifestaldian parte hartzera deituz eta euskararen aurkako epai oldarraldiarekin beren kezka azalduz.
Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak Aiaraldeko udalerri guztietan aurkeztutako mozioarekin bat egiten dute Arrankudia-Zolloko udalbatza osatzen duten bi alderdi politikoek. Bizkaiko herriko alkateak eta oposizio buruak sinatutako dokumentuan euskararen kontrako oldarraldiarekiko kezka azaltzen da, euskararen normalizazioaren eta biziberritzearen aurkako erabakiak heltzen ari baitra epaitegieetatik. Egoera honen aurrean azaroaren 4an Bilbon deitua dagoen manifestaldian parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.
Euskal Herriko Euskalgintzaren Kontseiluak manifestaldi nazionala deitu du azaroak 4rako Bilbon arratsaldeko bostetan, euskararen kontrako oldarraldi judiziala salatzeko asmoz. Ekimenarekin bat eginez, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak mozioa aurkeztu du Laudio, Amurrio, Urduña, Aiara, Okondo, Orozko, Arrankudiaga-Zollo, Artziniega eta Arakaldoko Udaletan, bertako udalbatzek adierazpen publikoa egin dezaten eta azaroak 4ko ekimenarekin bat egin dezaten. Arrankudiaga-Zollon, Amurrion, Orozkon, Aiaran, Urduñan eta Artziniegan jada onartu dituzte mozioak, astelehenean berriz, Laudion eztabaidatuko da osoko bilkuran. Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak mozioa aurkeztutako udalerri guztietan onartzea espero du.