Elkarrekin euskararen eguna ospatzea zen xedea eta ederki bete zen helburua. Egitarau anitzak erakarrita eta tenperatura epelak lagun, eskualdeko udalerri guztietatik hurreratuta, adin guztietako herritarrak hurbildu ziren Arrankudiagara. Giro ezin hobean eta parte hartze handiarekin joan zen eguna, aldarrikapena eta jaia uztartuz. Euskarekin korapilatzeko gonbidapena zabaldu zen Arrankudiagatik eskualdera.
2016an Aiaraldeako Euskalgintza Kontseilua sortu zenetik, euskararen eguna eskualdean elkarrekin ospatzen dugu. Urtero herri ezberdin batean egokitzen da eta aurten hitzordua Arrankudiaga-Zollon egokitu da. Ekimena aurrera ateratzeko bertako herritar talde bat, Udala eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua elkarlanean aritu dira maiatzetik. Arrankudiaga eta Zolloko norbanako eta elkarteen inplikazioa ezinbestekoa izan da ekimena aurrera eramateko. Baita egunean bertan lanean jardun zuten bolondres guztien ekarpena. Antolakuntzaren izenean mila esker guztioi!
Ospakizuna Zollon abiatu zen azaroaren 29an Txalainak taldearen kontzertuarekin. Hertzainak taldearen bertsioak egiten dituen musika taldeak publikoa gozarazi zuen, tabernako bokata goxoak dastatzeko aukerarekin uztartuz.
Abenduaren 1ean berriz, egun osoko egitaraua izan zen Arrankudiagan. Goizean goiz 30 mendizalek egunari hasiera eman zioten mendi buelta eder batekin. Bueltan, salda eta txitxiburduntzia izan zuten zain. Bitartean frontoian eskubaloi partidak jokatu zituzten Arrankudiaga, Aresketa Ikastola eta Laudioko eskubaloi taldeek. Ondoren eskupilotarien txanda iritsi zen, Arrankudiagako Kamaraka, Areta eta Laudioko Herriaren, Amurrioko Pelotazale Kluba, Urduñako jai Alai, Orozkoko Olgetan eta Zeberioko Mandoia elkarteko pilotarien eskutik.
Plazan berriz, Kirikinoren jolasak eta puzgarriak izan ziren protagonista. Trikitilariek bitartean, poteoa gidatu eta Igel Toka txapelketa alaitu zuten. Eguerditik aurrera, Aiaraldea Hedabidea bere plato partikulurra osatu zuen Gizarte Etxearen aurrean, herritar ezberdinak elkarrizketatuz zuzeneko emanaldian. Bestetik Oxinburun elkarteen azoka burutu zen Subila gazte asanblada, Kirikino, Sorginlarren, Arrankudiagako IGE, Araba Euskaraz, Laudio Ikastolako Ikasbidaia eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren postuekin.
Ordu bat eta erdietan, ekitaldi nagusiaren txanda iritsi zen. Lehen zatian, Arrankudiagako eskolako, Okondoko eskolako eta Laudioko Ikastolako ikasleek euskararen inguruan ondutako aho-korapiloak irakurri zituzten eta eskolaz eskola ibiliko diren liburu ibiltari batzuetan itsatsi zituzten. Euskararekin korapilatu zaitez! proposamena Arrankudiagako eskolako ikasleen ekimena da, eta ikastetxe guztiei zabaldu diete erronka parte hartu dezaten.
Bigarren zatian, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak euskararen egunerako bere mezua zabaldu zuen, elkarteko lehendakari Naiara Merinoren ahotan. Hemen hitzartze osoa:
Bazkaritarako 140 pertsona elkartu ginen eta kafearekin euskal kanten txanda iritsi zen Arrankudiagako Musika Eskolako kideen eskutik. Txikienek Antxo eta Pantxa pailazoen ikuskizunaz gozatu zuten Oxinburun eta ondoren plazara atera ziren Kalakaren egurrezko jolasekin aritzeko. Bola-jokoan 35 pertsona lehiatu ziren bolatokian eta 17:30etatik aurrera Kittu taldea aritu zen herritarrak kantuan eta dantzan jarriz. Musikariei atseden txiki bat emanez, Euskaraktibatu saskiaren zozketa burutu zen arratsaldean baita.
Hedabidean
Azkenik aipatzea, Aiaraldea hedabideak egunaren inguruan argazkiak, bideoa eta zuzeneko emanaldia eskeini zituen bere web-gunean.