Aurtengoan Luiaondo izango da euskaltzaleon topagune, Aiaraldeko Euskararen eguna bertan ospatuko baitugu. Badira 5 urte Amurrion euskararen errotari putz eginez martxan jarri zela Aiaraldeko Eusklagintza Kontseilua. Badugu zer ospatua eta horretarako egun osoko egitarau betea prestatu dugu. Aiaraldea EUSKARAKTIBATU!
Abenduaren 4rako hilabete faltan, Luiaondon elkartu ginen Luiaondoko Administrazio Batzarra, Aiarako Udala, Aiarako Kuadrilla eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua. Bertan ziren instituzio bakoitzeko buruak Maite Alonso, Encina Castresana, Gentza Alamillo eta Aitor Fernandez de Pinedo. Prentsaren aurrean aurtengo Aiaraldeko euskararen eguna aurkeztu genuen. Amurrio, Urduña, Laudio eta Orozkotik pasa ostean, aurten Aiarako Luiaondo herrian ospatuko dugu.
Bost urte
Gure elkarteak bost urteko bidea egina du jada eta bere abiapuntu publikoa izan zen Amurrion egindako eskualdeko euskararen eguna. Horregatik orduko hainbat elementu berreskuratuko ditugu Luiaondoko ediziorako. Egitarau indartsu bat prest dugu, gure ibilbidean aurrerapausu garrantzitsua dakarrena. Apustu handia egingo dugu, gure elkartearen birsortzea baitadator. 2022an salto garrantzitsua eman nahi dugu. Laster izango duzue informazio guztia eskura.
Mezua
2016an Euskararen Errota martxan jarri genuen, haize freskoa ekarriz eskualdera. Bost urte geroago, aktibaziorako dei ozena dakargu. Guztiok dugulako zer egina euskararen alorrean, guztiok baitugu pausuak emateko beharra, gauden lekuan gaudela. Euskaraz mintzatu, euskarazko kultura kontsumitu, euskalgintzan inplikatu: EUSKARAKTIBATU!
Indarrak batuz
Apustu handia egin dugu eta ahalegin horretan Aiarako Udalaren, Aiarako Kuadrillaren eta Luiaondoko Administrazio Batzarraren ekarpena eta babesa berebizikoa izan da.
Luiaondoko ostalaritzarekin aurre-lanketa bat egiten ari gara eta hainbat elkarteren partehartzea bultzatuko dugu abenduaren 4ko jaian.
Aurkezpenak
Ospakizunaren inguruan zenbait aurkezpen egingo ditugu, azaroaren 20an arratsaldeko 17:00etan Luiaondoko Otueta Gizarte Etxean herritar eta eragileen aurrean zehaztasun guztiak emango ditugu. Ondoren talde argazki bat egingo dugu bertaratutako guztiekin eta mokautxo bat jango dugu.
Ez izan zalantzarik, abenduaren 4an Luiaondon izango gara. Mintzatu. Kontsumitu. Inplikatu. EUSKARAKTIBATU!