Hitzekoak gara eta, gaur, eskualdeko hainbat pertsona esanguratsuren babesarekin*,2022ko apirilean abiatutako Hautagai Euskaldunak ekimenaren emaitzak plazaratu ditugu prentsaurrekoan eta herritar guztien eskura jartzen ditugu gure web gunean.
Hasteko gure kritika zorrotza eskualdeko alderdi guztiei. Orain arteko aurkezpen publiko guztietan, zein prentsara igorritako oharretan, ez baitute adierazi hautagai bakoitza euskara mintzatzeko edo ulertzeko gai den. Informazioa emate hutsak hizkuntzari garrantzia aitortzea bazekarren, eskakizun hau betetzea gardentasun ariketa bat bazen,… Ez egiteak zer esan nahi du? Pausu erraza zen eta atsekabez ikusi dugu ez dela eman. Espero dezagun, hemendik aurrerako ekitaldietan zein postontzietara igorriko zaizkigun esku-orrietan informazio hau eskainiko zaigula.
Datuak orokorrei helduz, aztertutako alkategaien artean 17 aho-bizi, 5 belarri-prest eta 10 erdaldun daude. 16 zerrendek gainditzen dute, 7k ez nahiko erdiesten dute eta 9 kasutan ez da nahikoa informazio erdietsi. Zenbait kasutan alderdiengana jo dugu eta informazioa ukatu digutela azaldu nahi dugu.
Bukatzeko, ekimenaren garrantzia azpimarratu nahi dugu, gardentasuna, boto eskubidea eta hizkuntz eskubideak barne biltzen dituelako. Gure eskualdetik kanpora zabaltzeko gonbidapena egiten diegu, bide batez, Euskal Herriko eragileei. Gogoratu nahi dugu baita, alderdi politikoen hizkuntza politika eta hizkuntz eskubideekiko jarrera eta jarduna elementu garrantzitsua direla baita, euskararen normalkuntza lortzeko bidean. Horregatik Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak bestelako ekimenak bultzatzen jarraituko du alor honetan, adi beraz.
Jarrai dezagun lanean. Aiaraldea #Euskaraktibatu
Herriz-herriko informazio zehatza beheko dokumentuan
*
Aintzane Pradera Arabako AEKko koordinatzailea – Amurrio
Goiatz Urkijo Euskaltzaleen Topagunea eta Euskaraldiko lan taldeko kidea – Laudio
Igor Arzuaga musikari eta artista – Areta
Belate Olabarria Bizkaiko Bertsolari Elkarteko lehendakaria – Orozko
Andoni Gorostiaga Laudioko Institutuko zuzendaria – Laudio
Beñi Ibargoitia Arrankudiagako Gizarte Etxea – Arrankudiaga
Serapio Lopez bertsolaria – Ziorraga (Baranbio)
Amets Meaza Laudio Ikastolako aisia koordinatzailea – Laudio
Julen Guaresti legegizona – Amurrio
Bego Macias Laudioko AEK-ko Euskaltegiko zuzendaria – Laudio
Naiara Merino Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluko Talde Eragileko kidea – Urduña
Hedabideetan horrela jaso da:
Aiaraldea, Hamaika TB, Argia