Maitzaren 3an Sarauben elkartu gara hautagaiei konpromisoak eskatzeko, hizkuntza eskubideak bete daitezela aldarrikatzeko eta instituzioei euskalgintzarekin elkarlana egin dezatela galdegiteko.
Duela 4 urte Saraubeko mahaian, 25 alderditako alkategaiekin Bai We Can dinamikaren baitan hartutako konpromisoak aurkeztu genituen. Legegintzaldia bukatuta, zertan dira konpromiso horiek?
Galdera horren erantzuna publiko egiten dugun txosten honetan topatuko duzue:
Duela lau urte Saraubeko mahaian alkategaiei protagonismoa eman bagenien, oraingoan herritarrekin batera aurkeztu ditugu gure asmoak. Orain arteko dinamika, oztopoak oztopo, herritik herrira lortutako emaitza ezberdinak gora-behera, positibotzat dugu. Herriz-herri Bai We Can akordioaren jarraipena egiteko sortutako mahaiak tresna egokia dira eta bide horretan sakontzen jarraitzeko beharra ikusita, hurrengo legegintzaldirako, hautagaiei aurkeztuko diegun konpromiso sorta publiko egiten dugu.
Hurrengo egunotan hautagai guztiei aurkeztu eta berau sinatzera gonbidatuko ditugu. Alkategai bakoitzak zer sinatzen duen eta zer ez publiko egingo dugu, gardentasunez jokatuz. Elkarlanaren bidetik hizkuntza eskubideen betezean eta euskararen normalizazioak aurrera egin nahi dugu. Alde horretatik, proposamen berria aurrera pausu bat delakoan gaude, duela 4 urte hasitako bidean sakondu eta gure helburuak erdietsi aldera. Jarrai dezagun lanean.