Udalerriz udalerri eta jairik jai, gure herriko festetako egitarauan euskarak zenbat leku du? Kontzertuak, haurrentzako emanaldiak eta helduentzako ekintzak aztertu eta iazkoekin alderatuko ditugu.
Urduñak Otxomaioak ditu jai nagusi. 2022 eta 2023ko datuak alderatu ditugu dokumentu honetan.
Azpimarratzekoa Udaleko euskara zerbitzuak ere bere azterketa propioa egin eta argitaratua duela ekaineko Zikoina aldizkarian. Bestetik 2022 eta 2023ko egitarauak bere osatasunean kontsulta daitezke.
Gure hizkuntzaren normalizazioan aurrera egiteko, jaietako programazioa osatzerako orduan euskara ere irizpidea izan behar da. Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak edozein egitarau egiterakoan hizkuntza azterketa egin eta egitarauarekin batera datu horiek azaltzea eskatzen du. Hizkuntza babesteko eta euskal hiztunen eskubideak bermatzeko, herriko jaietan euskararen presentzia bermatu eta bultzatzeko kuotak ezartzea proposatzen dugu. Hau da, programatuko denaren zein ehuneko izango da euskaraz?
Euskarazko musika eta kultura programatu behar dira, euskarazko sorkuntza eta kontsumoa elikatzea ezinbestekoak baitira hizkuntza normalizazioaren bidean.