Asteartean, irailak 26, Urduñan aurkeztu genuen Gurasoleku ekimenaren hirugarren ekinaldia. 2021an Amurrion hasi, 2022an Laudio gehitu eta aurten Urduña batu da ekimenera. Beste bi herrietan bezala, Bizkaiko hirian ere, haurreskola eta ikastetxe guztiek bat egin dute, 0-5 urte bitarteko umeak dituzten familietan euskara bultzatzeko xedean.
Parte hartzea bultzatu eta programaren berri emateko Urduñako Herri Eskolako zuzendari Enartze Larrakoetxea, Aintzinako Andra Mari ikastetxeko zuzendari Estibalitz Minguez, Udaberria Euskaltegiko Noelia Ramos, AEK-ko kide Mariyer Egia, Urduñako Udaleko euskara teknikaria Matxalen Garcia-Escudero eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluko ordezkari Christian Alemany agertu ziren prentsaurrera. Berria horrela jaso zuen Aiaraldea Gaur hedabideak.
Aurtengoan kontzientziazioan eta sentzibilizazioan jarri nahi izan dugu azpimarra. Eskola komunitateak argi dio: eskolarekin soilik, ez da nahikoa gure seme-alabak euskalduntzeko, familiak inplikatzea ezinbestekoa da. Guztiok aktibatu behar dugu euskalduntzea burura eramateko.
Parte hartzaileak
Urduñan: Aintzinako Andra Mari ikastexea, Urduñako Haurreskola eta Urduñako Herri Eskola.
Laudion: Areta Eskola, Lamuza ikastetxea, Lamilagrosa ikastetxea, Laudio ikastola, Latiorro ikastetxea eta Matxintxu haurreskola.
Amurrion: Zabaleko ikastetxea, Aresketa ikastola, Mendiko eskola, Amaurre ikastetxea, Tipi-tapa haurreskola eta Tantaka haurreskola
Sustatzaileak: Aiaraldeko AEK, Laudioko Udal Euskaltegia, Udaberria Euskaltegia, Aiaraldeko Berbalagun eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua.