EHBildu, EAJ eta OMNIAren aldeko 16 botoekin eta PSEren zinegotziaren kontrako bozkarekin, aurrera atera da euskalgintzak aurkeztutako mozioa Laudion. Honenbestez, udal-batzak bere kezka azaltzen du euskararen kontrako oldarraldi judizialaren aurrean eta herritarrak deitzen ditu azaroak 4rako Euskal Herriko Euskalgintza Kontseiluak deitua duen manifestaldian parte hartzera.
Egun epaitegietatik euskarak jasotzen dituen erasoak zalatzeko asmoz, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak Aiaraldeko udalerri guztietan aurkeztutako mozioa onartu du Laudioko udal-batzak. Astelehenean egindako osoko bilkuran aldeko 16 bozka eta kontrako bakarra jaso zuen mozioak, alde EH Bildu, EAJ eta OMNIA eta aurka PSE. Euskal Herriko Euskalgintza Kontseiluak idatzitako testua jasotzen du mozioak, non epaitegietatik datozen erasoen larritasuna azpimarratu, kezka azaldu eta herritarrak azaroaren 4an Bilbon ospatuko den manifestaldi nazionalean parte hartzera deitzen dituen.
Aiaraldeko udalerri guztietan aurkeztu du mozioa Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak. Honako herrietan atera da aurrera ekimena: Laudio, Amurrio, Urduña, Aiara, Artziniega, Arrankudiaga-Zollo eta Orozko. Okondon, udal gobernuak, gehiengo osoa duenak, ez du mozioa udal batzara aurkeztu nahi izan, Arakaldoko kasuan berriz, gobernuan den taldeak, bere nolakotasunagatik “kontu politikoetan ez sartzeko nahia” argudiatu du mozioa ez onartzeko.