Iparrorratza eskuan

Urteberriarekin, bidean galduko garelakoan?

Euskararen normalizazioan bultzatzeko xedeak elkartuta, askotariko 44 eragilek sortu zuten tresna eta elkargunea da Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua. 2016an abiatutako bidean, ezberdinen arteko elkarlana eta sinergiak sortzea, zein eremu guztietan euskarak aurrera egin dezan indar egitea izan da gure lana eta praktika. Proposamenak egin, ekimenak sortu, praktika onak txalotu, hizkuntza eskubideen defentsan aritu, euskararen aldeko aktibazioa bilatu, hausnarketa sustatu… Gardentasunez eta independentzia osoz jardun gara eta jardungo gara.

Eragile guztiekin elkarlana bilatzen dugu, gure helburuak lortzeko bidean, baita instituzioekin ere, baina inongo tutoretzarik onartu gabe. Gure izaera eta osaera, gure ekimenak, gure iritziak, adierazpenak, kritikak eta jardunak ez ditugu ezkutatzen, denen ikusgarri eta eskuragarri daude gure webean. Beraz, mamuak haizatuz edo jada gaindituta beharko luketen diskurtsoez sortzen diren lokatzetan murgiltzeari uko egiten diogu. Ez gaude alper lanetarako.

Pausuak nahi ditugu arlo guztietan, baina aurrera doazen pausuak, ez atzera doazenak. Txalotu bezain beste salatu, elkarlana sustatu baina baita tokatzen denean presionatu ere, euskararen normalizazioa bilatzen baitugu, euskaldunok izateko eta bizitzeko dugun eskubidea defendatuz. Euskaldunon herria ez dugu ameskeria, egunero eraiki eta gauzatu nahi dugun errealitatea baizik.

Ez gara despistatuko, ez gaude hemen atzera egiteko ezta geldirik egoteko ere, ez dugu gure hizkuntza bazterrean uzten dituzten bidezidorrak onartuko. Argi dugu zer nahi dugun eta eskuan dugu iparrorratza.

Leave a Reply

%d bloggers like this: