2021ean abiatu zenetik, inoizko izen-emate handiena jaso du euskararen transmisioa familian bultzatzea xede duen Gurasolekuk. Aiara, Orozko, Arrankudiaga-Zollo, Urduña, Laudio eta Amurrion zabaldu da eskaintza aurten, haurreskola eta ikastetxe guztien partehartzearekin. Euskara ikasi, praktikatu eta aisialdia sentzibilizazioarekin uztartzen du programak.
20 eskola eta haurreskola, 1204 ume, gurasoentzako 22 saio, irakasleentzako 10 saio, 4 aurkezpen publiko, 6 herri… eta 142 izen emate. Hauek dira ikasturte hasiera honetan Gurasolekuren zenbakiak. 0-5 urteko umeak dituzten familietan euskararen transmisioa bultzatzea xede duen programak 4 urte bete ditu aurten. Familiekin sentzibilizazioa landu, aholkuak eta tresnak eman eta pausuak ematea ahalbidetuko dien eskaintza helaraztea da helburua. Eskaintza honek hiru programa barne biltzen ditu: Gurasoeuskaltegia (euskara eskolak), Gurasolagun (mintzapraktika taldeak) eta Gurasolagun agenda (aisialdia euskaraz eta familian). Horrez gain, gurasoekin sentzibilizazioa eta irakasleekin formazioa lantzeko saioak eskaintzen dira.
Izen emate arrakastatsua
2024arekin lehen aldiz Aiara, Orozko eta Arrankudiagara iritsi da Gurasoleku eta inoizko izen-emate handiena bildu du. 142 pertsonek eman dute izena programan, horietatik 42 Gurasoeuskaltegira apuntatu dira, 17 Gurasolagunera eta 107 Gurasolagun agendara. Herriz herri hauek izan dira kopuruak: Amurrio 33, Laudio 41, Urduña 18, Arrankudiaga-Zollo 31, Aiara 6 eta Orozko 13.
Berrikuntzak
Familiei tresna gehiago eskaintzeko nahiak bultzatuta aurten bi berrikuntza dakar Gurasolekuk. Lehendabizi, sarean euskararen inguruan doako 70 tresna baino gehiago biltzen dituen gida prestatzen ari da Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua, zeina familien artean doan banatuko baita. Bigarrenik, ikasturtean zehar poltsiko formatuko 3 hiztegi argitaratuko ditu elkarteak, euskara 6 hizkuntzatara ekarriz. Aleak, ikastetxeetan doan banatuko dira.
Elkarlana
Hau guztia aurrera eramateko ezinbestekoa da eskualdeko AEK, Berbalagun, Udaberria Euskaltegia, Laudioko Udal Euskaltegia, Amurrio eta Laudioko HHIrekin Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak aurrera daraman elkarlana. Baita ere ikastetxe eta haurreskola guzti hauen parte hartzea: Arrankudiagako eskola, Etxaurren ikastola, Etxaurren haurreskola, Orozkoko haurreskola, Orozko Harana ikastetxea, Urduña Herri Eskola, Aintzinako Andra Mari ikastetxea, Urduñako Haurreskola, Matxintxu Haurreskola, Laudio Ikastola, Latiorro Ikastetxea, Areta Eskola, Lamuza Eskola, Lamilagrosa Ikastetxea, Amaurre, Aresketa ikastola, Mendiko eskola, Zabaleko, Tipitapa eta Tantaka haurreskolak.