Abenduak 11 eta 12an, Orozkon eta Arrankudiagan UEMAk eta Euskal Herriko Euskalgintzaren Kontseiluak aurrera eramandako dinamiken nondik norakoak aurkeztu dizkie herritarrei. Hizkuntza Politikak diseinatzea helburu, herriatarren ekarpenak eta hausnarketak jaso dira. Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak ere dinamikan parte hartu du.
Aroa Euskara Plana udaletan garatzeko parte hartze prozesua abiatu zuen UEMAk duela hilabete batzuk Orozkon eta Arrankudiaga-Zollon. Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak bultzatutako Bai We Can dinamikaren baitan, udaleko hizkuntza politika aztertu eta hizkuntza eskubideetan ardaztutako protokolo bat garatzeko prozesua abiatu zuen Euskal Herriko Euskalgintzaren Kontseiluak aipatutako bi herrietan. Bi ekimenen osagarritasuna ikusirik, bidean bat egin eta saio banatan lehenemaitzak aurkeztu ziren azaroaren 11n Orozkoko Blas de Otero Kulturgunean eta Arrankudiagako Oxinburu aretoan.
UEMAko teknikari Maialen Zuazok gidatutako saioetan Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa, Iñaki Iurrebasoren oinarri teorikoak eta herriko egoera espezifikoa aletu zen. Ondoren, Euskal Herriko Euskalgintzaren Kontseiluko koordinatzaile Manex Mantxolak udalaren hizkuntz politikaren azterketa sakona nola burutu duen azaldu zuen, emaitzak erakutsitako indargune eta hutsuneak partekatuz.
Partehartzea
Herritarren pertzepzioa eta iritziak jasotzeko inkestaren emaitzak aurkeztu zituen UEMAk. Azpimarratzeko lehen kontua: inkesta gehienak emakumeek bete zituzten, gizonen parte hartzea eskasa izan zelarik. Euskararen erabileraren inguruan galdetuta, inkesta betetakoen erdiak mantendu egin dela irizten diotela, Arrankudiaga-Zolloko kasuan. Herritarrei hutsuneak identifikatzeko eskatuta Orozkon euskalkiaren transmisioa, ostalaritza, familiak, gazteak, kultur programazioa eta kirola aipatu zituzten. Arrankudiaga-Zolloko kasuan hitanoa berreskuratzeak lukeen onuraz ere hitzegin zen eta baita egoeraren aurrean alarma mezua zabaltzeko beharra, emergentzia linguistikoaren testuinguruan. Orozkon herritarren %15ak bete zuen inkesta eta Arrankudiaga-Zollon %36ak.
Aurkezpenetan ekarpenak jasotzeko bi dinamika egin ziren taldeka eta banaka hutsuneak identifikatu eta aurrera begirako ekimenak proposatzeko. Orozkon euskara talde bat sortzeko aukera aipatu zuten bertaratutakoek eta Arrankudiaga-Zollon norbanako eta elkarteek konpromiso publikoak hartzeko kanpaina bat bultzatzea, besteak beste.
Bertaratutakoei dagokionez, Orzokoko saioan euskara zinegotzai, teknikaria eta udal batzako alderdi guztietako ordezkariak izan ziren. Arrankudiagan berriz, alkatea, euskara zinegotzia, euskara teknikaria eta ikastetxeko zuzendaria izan ziren besteak beste.
Bileran, biak UEMAk eta bai Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak herri bakoitzean aurrera daraman lana azaltzeko tarte bat baliatu zen.
Hurrengo pausuak
Urtarriletik aurrera, bai Orozkon eta baita Arrankudiagan ere, Laudion egin zen moduan, Udaleko Hizkuntza Politiken diagnostikoa eta Hezkuntza Eskubideen Protokoloaren garapena aurkeztuko da dokumentu publiko batean. Bestetik, Aroa Euskara Plana sortzeko prozesuarekin jarraituko dute bi herriek.
Dudarik gabe, bi ekimenak eta baita aurkezpenetan bildutako ideiak helduleku izango dira Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluan foro ezberdinetan aurrea pausu eta ekimen berriak sortu eta bultzatzeko.