Abenduaren 13an Urduñako Udalak programatutako umeentzako magia emanaldian gertatutakoarekin kexu dira zenbait herritar.
Magiaz eta artez beteriko arratsalde gisa iragarri zuen Urduñako Udalak abenduaren 13an Alhondegian mago ezagun batek eskaini behar zuen emanaldia eta ondorengo marrazki lehiaketako sari banaketa. Bertaratu zen publikoa umeek eta gurasoek osatzen zuten, lehenengoak gehiago zirelarik. Kontuan hartu behar da emanaldia eskaini zuen magoa euskalduna dela, eskualdean maiz egondakoa emanaldiak euskaraz eskaintzen, eta Urduñako umeak D ereduan eskolatuak daudela.
Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluarekin harremanetan jarri diren gurasoek adierazi digutenez harriduraz bizi izan zuten emanaldia elebiduna izatea, azalpenak lehengo euskaraz eta gero gaztelaniaz ematen zirelarik. Sari banaketa heldu arte, ia publiko guztia umeak ziren eta ordu bete beranduago, sari banaketarako, heldu gehiago heldu zirela azaldu digute baita. Jakin dugunez, emanaldia euskara hutsez izan beharrean elebiduna izatea antolatzaileen erabakia izan zen eta bertan ziren euskara zinegotzi eta kultur teknikaria ere.
Urduñan umeei zuzendutako ekimen oro euskaraz izan beharko litzateke; egoera diglosiko batean, non erabilera oso murritza den, baina adin batetik behera euskararen ezagutza altua. Euskararen erabilera eta gaitasuna bultzatzeko euskarazko aisialdia eta programazioa ezinbestekoa da. Hau zalantzan jarri eta orain umeen programazioa eredu elebidun baten alde egitea, Urduñako umeen euskalduntzeari kalte egitea litzateke eta atzera pausu nabarmena.
Gainera, udaleko Euskara Arloak umeentzako ekitaldiak euskaraz izan behar dutenaren irizpidea zabaltzen du, halaber txosnen hizkuntza irizpideetan ere jasoa dago, beraz abenduaren 13an gertatutako irizpide horien kontrakoa da, bai lehiaketa eta baita magia emanaldia umeei zuzenduta baitzegoen.
Beraz aipatu irizpide horiek betetzea eskatzen dugu, udalak umeentzat programatzen duena euskalduntzean lagungarri izan dadin eta ez kaltegarri.
Errotuladore Gorria. Euskaldunok gure hizkuntza eskubideak urratuta ikusten ditugunean, euskara baztertua denean, hizkuntzak tratu txarra jasotzen duenean,… ez geratu kexan, amorruan edo ezinean, bidaliguzue argazki bat edo eta egoeraren azalpena, guk atal honetan publiko egingo dugu.
Emaila: info@aiaraldekoeuskalgintza.eus
whats-app/tlf: 688 86 29 49