Amurrioko Musika Eskolako langile baten salaketa bikoitza jaso dugu lan kontratua euskaraz eskatu arren erdaraz jaso duelako eta jakinarazpena ere erdara hutsez igorri diotelako. Salaketa Amurrioko Euskara Batzordera heldu zen, baita Musika Eskolako fundazioko presidentearengana eta eskolako idazkari eta ordezkari sindikalarengana. Hala ere, bere eskaerak erantzunik jaso ez duela adierazi du langileak.
Egonkortze prozesu baten ostean, Amurrioko Udal Musika Eskolako langile batek kontratu berria jaso zuen Amurrioko Musika Eskolan bertan. Langileak eskolako idazkari eta ordezkari sindikalari adierazi zion kontratua ele bakarrean zetorrela eta berak euskaraz eskatzen zuela. Langileak gogorarazi zion, urteak eta urteak kontratua euskaraz eskatzen egon ondoren, azken urtetan hala bidali ziotela eta orain gaztelaniaz berriz jasotzea atzer egitea zela. Halber, aldarrikapen bera egin zuen Euskara Batzordean, zeinean Musika Eskolako Fundazioko presidentea ere badagoen. Langileak gainera, egonkortze prozesuarekin lotuta jasotako jakinarazpena, aipatu fundazioko presidenteak sinatuta, erdara hutsez zetorrela deitoratu zuen.
Eskaera hauek egin ostean langileak erantzunik jaso ez duela azpimarratu nahi izan du. Kontratuaren euskarazko bertsioa ere jaso ez duela argitu du baita.
Amurrioko Musika Eskolak zein Amurrioko Udalak Euskara Plana dute, hala ere eta berriz ere urraketa nabarmen bat eman da. Euskararen Legea eta otsailaren 22ko 19/2024 dekretua ere argi uzten du komunikazioak gutxienez elebitan izan behar direla. Azpiamarratzekoa, kontratuaren kasuan atzerapausu bat ematea dela, langileak aurreko kontratuak, urte askoan eskatu ostean hori bai, euskaraz jaso baitzituen.
Euskararen normalizazioan eta biziberritzeak emergentzia egoera bizi duen honetan hizkuntza eskubideetan atzera pausuak eman eta legeek eta Euskara Planek jasotzen dutena ez betetzea onargaitza da.
Errotuladore Gorria. Euskaldunok gure hizkuntza eskubideak urratuta ikusten ditugunean, euskara baztertua denean, hizkuntzak tratu txarra jasotzen duenean,… ez geratu kexan, amorruan edo ezinean, bidaliguzue argazki bat edo eta egoeraren azalpena, guk atal honetan publiko egingo dugu.
Emaila: info@aiaraldekoeuskalgintza.eus
whats-app/tlf: 688 86 29 49