Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak 2024an zehar Aiaraldean jaso diren hizkuntza eskubideen urraketa eta euskal hiztun gisa pairatutako tratu txarrak bildu ditu txosten batean. Helburua, urtebeteko ikusmira bat partekatu, gogoeta bultzatu eta zenbait egoera kezkagarri eta praktika oker seinalatzea da. Hizkuntza eskubideak errespetatzea eskatzen dugu eta bide horretan salaketa publikoa bide egokia dela gogorarazi nahi dugu. Horretarako martxan jarri genuen Errotuladore gorria atala, non herritarren makina bat kexa jaso ditugun.
Gaur hemen argitara ematen dugun txostena Euskal Herriko Hizkuntza Eskubideen Behatokira igorri dugu. Euskaraz diharduten hedabideetara ere helarazi dugu eta herritarrei orohar zabalkundean laguntzeko eskatu nahi diegu.
Jakin badakigu, hemen bildu ditugunak ez direla izan eskualdean izan diren urraketa bakarrak, horregatik lanean jarraitzeko beharra ikusten dugu. Horrekin batera, guregana jo duten herritarrei emandako pausua eskertu nahi diegu eta eragile zein instituzioei aurrera pausuak eman ditzatela eskatu, euskararen biziberritzea, normalizazioa eta hizkuntza eskubideen errespetua xede.