Laudioko Udalaren Hezkuntza Politika aztertu du Euskal Herriko Euskalgintzaren Kontseiluak, indarguneak eta ahulguneak argitara ateraz. Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluarekin elkarlanean burutu den dinamikak, hilabetetako azterketa sakona eta herritarren ekarpenak jaso ditu dokumentu publiko batean. Udalak emandako pausuaren garrantzia aitortu eta pausu gehiago emateko bidea irekitzen dela azaldu dute euskalgintzako ordezkariek.
Abenduaren 3arekin Laudioko Udalak, Euskal Herriko eta Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluek hilabeteotan egindako lanaren fruitua erakutsi zuten publikoki. Ekimenak Laudioko Alkate Ainize Gastakak Bai We Can dinamikaren baitan hartutako konpromisoetan du abiapuntua. Hizkuntza Eskubideen inguruan protokolo bat garatzeko konpromisoa gauzatzeko, Euskal Herriko Euskalgintzaren Kontseiluak 2021an eta 2022an egindako proba pilotuak izan ditu oinarri. Laudioko Udala lehena izan da eskualdean ekimen hau burura eramaten.
2016an Euskal Herriko Euskalgintzaren Kontseiluak nazioarteko eragileekin batera Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa aurkeztu zuen. 2018an berriz Euskal Herrirako Garapena jasotzen zuen dokumentua argitaratu zuten. Bi dokumentuetan oinarrituta eraman da aurrera Laudioko Udalaren Hizkuntza Diagnostikoa. Hilabetetako lanetan Laudioko Udaleko euskara zinegotzi Nagore Gomara, euskara teknikari Felix Mugurutzak eta Euskal Herriko Euskalgintza Kontseiluko koordinatzaile Manex Mantxola eta entitateko teknikariak aritu dira. Lehen emaitzak Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluarekin kontrastatu eta herritarrei aurkeztu zitzaizkien bilera irekian, bertan hainbat ekarpen eta iritzi jasoz.
Behin betiko dokumentua euskararen egunarekin bat aurkeztu zen Laudioko Udalean Ainize Gastaka alkatea, euskara zinegotzi Nagore Gomara, Euskal Herriko Euskalgintza Kontseiluko koordinatzaile Manex mantxola eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren lehendakari Naiara Merinoren eskutik.
Aldeak bat etorri ziren emandako pausuaren garrantzia eta egindako lanaren garrantzia azpimarratzerakoan. Euskalgintzak pausu gehiago emateko bidea ere badela dokumentua nabarmendu zuen, beratn indarguneak eta ahulguneak identifikatzen baitira zehatz eta aholkuak ere ematen baitira bide horretan hobetzeko. Dagokion epea igarota, diagnostiko prozesua berriz egingo da, egindako bidea baloratzeko.
Herri gehiago
Laudioren atzetik hurrengo hilabetetan dinamika bera burura eramango dute Orozko eta Arrankudiaga-Zolloko udalek. Hurrengo urterako berriz Artziniega eta Aiarako Udalek konpromisoa dute bide bera egiteko.
Prentsa oharra
Albistea: Aiaraldea.eus, Kontseilua, Zuin