Argitara eman nahi ditugu, zenbait herritarrek, euskararen inguruan eta herriko jaien testuinguruan helarazi dizkiguten kexuak.
Luiaondon: ohorezko damaren hitzartzea erdara hutsez
Luiaondoko Jaiei hasiera emateko ekitaldian, uztailak 20an, balkoian ohorezko dama izendatu eta hari hitza ematen zaio, jaiei hasiera eman diezaien. Ia bi minutuko hitzartzea osoki erdaraz egin zuen gazteak hasiera hasieratik. Euskaraz soilik hiru hitz eta bukaeran: Gora Luiaondoko Jaiak. Euskara berriz ere baztertua eta gutxietsia, zer eta euskara jakin badakien gazte baten eskutik, zer eta herri bateko jaiei hasiera emateko ekitaldi nagusi, publiko eta ofizial batean.
Amurrion: Udalak jaietako ordezkarien zapiak akats ortografiko nabarmenarekin egin eta banatu zituen
Argazkia bolo-bolo ibili da sareetan. Amurrioko Udalak, jaietako lehen egunean, jai-talde bakoitzeko ordezkari banari zapia ezartzen die Alkatearen eskutik, jaietako ordezkari izendatuz. Ordezkariok hainbat lan betetzen dituzte jaietan zehar eta presente egoten dira ekitaldi publiko garrantzitsu eta jendetsuenetan.
Akats ortografikoak errespetu falta bat dira, testuak birpasatu eta euskara egokian plazaratzeari garrantzirik ez emateren adierazle, instituzio publiko batengandik datozenean, are eta mingarriagoak direnak.
Laudio: kartela erdara hutsez
Laudioko jaietan egindako argazkia da honakoa. Kartela erdara hutsez dago eta laguntzaile gisa Laudioko Udala agertzen da. Erdara hutsezko kartelak erabat onargaitzak dira diru publikoarekin babestutako ekitaldietan. Gure egoera linguistiko diglosikoa kontuan hartuta, euskararen legea eskura izanda, euskara desagerrarazteko historian zehar euskaldunok pairatutakoak jakinda,… Karteletan euskararen presentzia bermatuta izan behar da eta erdararekin agertzen denean, euskara aurretik eta lehentasunez agertu behar da, euskaldunak gutxienez elebidunak baigara.
Errotuladore Gorria. Euskaldunok gure hizkuntza eskubideak urratuta ikusten ditugunean, euskara baztertua denean, hizkuntzak tratu txarra jasotzen duenean,… ez geratu kexan, amorruan edo ezinean, bidaliguzue argazki bat edo eta egoeraren azalpena, guk atal honetan publiko egingo dugu.
Emaila: info@aiaraldekoeuskalgintza.eus
whats-app/tlf: 688 86 29 49