Euskal hiztunen eskubideak urratzen dituen eta Udalaren Euskara Planaren aurkakoa den kirol instalazioen kudeaketarako lehiaketa publikoa eten dadila eskatzen du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak.
Amurrioko Udalak urtarrilaren 5ean, herriko kirol instalazioen kudeaketa lehiaketara atera zuen erdara hutsez argitaratutako lizitazio baten bidez. Lizitazio horrek duela 7 urte ateratakoan jasotzen ziren hizkuntza eskakizunak ezabatzen ditu. Deialdi hau udalaren Euskara Planaren aurkakoa eta euskaldunon hizkuntz eskubideen kontrakoa dela salatu genuen artikulu honetan.
Egoeraren aurrean, atzo, urtarrilak 19, Amurrioko Udaleko euskara zinegotzi Arantzazu Saratxagarekin bildu zen Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua (AIEKE). Lizitazioa sei hilabeterako dela eta zerbitzu honi dagokion hurrengo lizitazioan euskara eskakizunak txertatuko dituenaren konpromisoa azaldu zuen udal ordezkariak. Konpromiso hau AIEKErentzat ez nahikoa da eta hala adierazi genion zinegotziari. Lehenengo eta behin, lizitazioa hasieran epe baterako den arren, praktikan luzatzeko aukerak daudelako. Bigarrenik, hizkuntza eskubideen alorrean salbuespenak egitea ez delako bidea euskararen normalizazioa lortzeko, herritarron eskubideak sakrifikatuz gainera. Hirugarrena, bide bat irekitzen delako hizkuntza eskakizunak baztertzeko, epaileen oldarraldiaren aurrean herritarrak mobilizatzen ari diren testuinguru batean gainera. Bosgarrena, gure hizkuntza eta euskal hiztunak ezin garelako beti azkenak izan beste behar batzuen aitzakipean. Seigarrena, harrera lanak egingo dituzten langileez ari gara eta artatu beharko duten publikoaren gehiengo bat herriko ume eta gazteek osatzen dute, D ereduan hezitakoak eta euskaldunak. Eta zazpigarrena, udalak bere buruari ezarritako araudi bat betetzen ez duenean, Euskara Plana kasu, zertan geratzen da araudi horren idarra eta balioa?
Udalaren ezetza
Zinegotziaren argudioak entzun ostean, AIEKEk eskakizun zuzena egin zion Udalari bileran bertan: bertan behera utz dezala lizitazioa eta hizkuntza eskubideak eta Euskara Plana betetzen dituen deialdi berria osatu dezala. Eskakizun honi ezezko batekin erantzun zion zinegotziak.
Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak bere eskaera berritsi nahi publikoki, eskaera erabat egingarria dela azpimarratuz. Lizitazio honekin euskararentzako eta euskal hiztunon eskubideentzako bide kaltegarri bat irekitzen dela salatu nahi dugu baita. Bide oker hori baztertzeko garaiz gara oraindik.