Mutilen mailako errege kopako finala dela eta, eskualdeko zenbait herritan pantaila erraldoiak jarri ziren herriko plazan apirilak 6, zaletuek elkarrekin partida ikus zezaten. Aspaldian ez bezala, ETB1-tek eskaini zuen, zuzenean eta euskaraz. Urduñan baina, herritar batzuk salatu dutenez, erdara hutsezko emanaldia jarri zuten, alegia TVEk eskainitakoa aukeratu zuten euskal telebista publikoarena beharrean. Udaleko iturriek adierazi digutenez, Kultur sailak enpresa bat kontratatu zuen zerbitzua eskaintzeko. Euskara Arloak euskarazko emanaldia jartzea eskatu zuen eta eskaera enpresari helarazi zioten. Iturriok adierazitakoaren arabera, enpresak ETB1 hartzeko konexioa eskasa zela argudiatuta TVE1 jartzea erabaki ei zuen. Argi dagoena da, aurreikuspen faltagatik edo enpresaren interes faltagatik, finala euskaraz ikusteko aukera historikoa zegoelarik, gola, berriz ere, euskarari eta euskaldunoi sartu zigutela.
Afitxetan ere kale
Baloiaren mundua baztertu gabe, kartel batzuk dakarzkigu, zeintzuetan gure hizkuntza bigarren mailako gisa agertzen zaigun: testu guztia soilik gaztelaniaz irakur baitaiteke eta euskara bigarren lerrorako uzten baita, akatsak eta guzti. Berriz esango dugu: gure eskualdean euskalduna gutxienez elebiduna da, euskaraz dakienak gaztelaniaz ere badakielako nahi eta nahi ez, beraz lehenengo eta nabarmenduta euskaraz agertu behar da (hizkuntza gutxitua baita, bertakoa, bultzada behar duena) eta bigarrenik, behar izatekotan, gaztelaniaz (euskara ez dakienarentzat). [Eguneraketa: Altzarrate Kirol Elkarteak kartel berria plazaratu du beharrezko zuzenketekin]
Euskaldunok eskualdeko futbolaren laztan gehiago nahiko genituzke eta ez horrenbeste ostiko.
Altzarrate Kirol Elkarteak, akatsen berri jaso ostean kartel berri bat egin du zuzenketekin:
Errotuladore Gorria. Euskaldunok gure hizkuntza eskubideak urratuta ikusten ditugunean, euskara baztertua denean, hizkuntzak tratu txarra jasotzen duenean,… ez geratu kexan, amorruan edo ezinean, bidaliguzue argazki bat edo eta egoeraren azalpena, guk atal honetan publiko egingo dugu.
Emaila: info@aiaraldekoeuskalgintza.eus
whats-app/tlf: 688 86 29 49