Euskararen normalizazioa bultzatzeko 14 konpromiso sinatu ditu Aitor Iza alkateak legegintzaldi honetarako. Orozkoko EAJ-k emandako pausuak udalerrian Bai We Can dinamika martxan jartzea ahalbidetuko du. Honenbestez, udalbatza osoak bat egin du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren proposamenarekin, EH Bilduk hauteskunde kanpainan bertan sinatu baitzuen.
2023ko udal hauteskundeen harira, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak Bai We Can dinamikari jarraipena emateko konpromiso sorta bat aurkeztu zizkien hautagaie. Konpromiso horiek sinatu berri ditu Orozkoko alkate eta EAJko kide Aitor Izak. Pausu honek, udal hizkuntza politikaz jarduteko, hartutako konpromisoen jarraipena egiteko eta udal mailan hizkuntza eskubideak babestuko dituen protokolo bat sortzeko mahai bat eratzea ekarriko du. Mahai horretan, Udaleko bi alderdietako ordezkariak, euskara zinegotzia, euskara teknikaria eta Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluko kideak eseriko dira. Protokoloa sortzeko prozesuan mahaira batuko da Euskal Herriko Euskalgintzaren Kontseiluko koordinatzaile, Manex Mantxola. Hauek dira sinatutako konpromisoak:
Orozkoko Udalbatza bi alderdik osatzen dute, EAJk zazpi zinegotzirekin eta EH Bilduk laurekin. Herria UEMAko kide da.
Legegintzaldi berria
Bai We Can dinamika abiatu duela bost urte abiatu zuen Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak, eta pasa den maiatzaren 3an Sarauben balorazioa aurkeztearekin batera, legegintzaldi berrirako konpromisoak argitaratu. Hauteskunde kanpainan zehar, alderdi politikoak euskararen normalizazioan pausuak eman eta elkarlana sustatzea xede duen ekimen honekin bat egiteko aukera izan zuten, orotara 10 hautagaiek konpromisoak sinatu zituztelarik.
Legegintzaldia abiatuta, gutxienez Aiaraldeko bost udalerritan jarriko da martxan ekimena (Laudio, Arrankudiaga-Zollo, Aiara, Artziniega eta Orozko), duela bost urteko dinamikaren aldean aldaketa garrantzitsuak eta bidelagun berriak izango dituena. Bat egin ez duten alderdiei eskua luzatzen die Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak, konpromisoak hartu eta ekimenean parte hartu dezaten.