Txosnaguneak eta Kirol Elkarteen Elkartasun Txosnak euskara sustatzeko pausu garrantzitsua ematea erabaki dute. Bi eragileok, Amurrioko Jaietan antolatuko dituzten txosnetan hizkuntza irizpideak ezarriko dituzte, Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak! ekimenarekin bat eginez. Pausu honi, Amurrioko Jai Herrikoien mugimenduak bere egitarau osoa Euskararen Semaforoarekin etiketatu izana batu zaio.
Herri mugimenduaren eskutik datoz euskararen biziberritzean pausuak egiteko ekimen berriak Amurrion. Jaietako testuinguruan, Amurrioko Txosnaguneak eta Kirol Elkarteen Elkartasun txosnak gure hizkuntza bultzatzeko eskualdean sortutako Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak ekimenarekin bat egitea erabaki dute. Horretarako, txosnetan hizkuntza irizpideak ezarriko dituzte: txanda guztietan behintzat pertsona euskaldun bat izango dela bermatuz, lehen hitza euskaraz eginez, errotulazioa euskaraz jarriz, gutxienez musikaren %65a euskarazkoa izateko konpromisoarekin…
Hauek hartutako konpromiso zehatzak:
Amurrioko Jai Herrikoien mugimenduak ere ekarpen garrantzitsua egin du aurten, berau osatzen duten elkarte eta jai taldeek egitaraua Euskararen Semaforoarekin etiketatzea erabaki baitute, euskaldunoi gure hizkuntza aukeren berri emanez eta euskarari ikusgarritasuna ekainiz. Azpimarratu beharra dago gainera, urterik urte programazioan euskararen presentzia areagotu egin duela herri mugimenduak.
Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak!
Apirilaren 25ean aurkeztu zen Urduñako Otxomaiotako esperientzian oinarritu eta eskualde osoko euskara teknikariek Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluarekin batera garatutako ekimena da. Xedea euskararen erabilera eta presentzia jaien testuinguruan bultzatzea da eta horretan bat egin dute eskualdeko 6 udalek: Urduñak, Orozkok, Arrankudiaga-Zollok, Aiarak, Artziniegak eta Laudiok. Ekimen hau Arabako Foru Aldundiko eta Bizkaiko Foru Aldundiko euskara zerbitzuei ere aurkeztu zaie, interes handiz jaso dutelarik proposamena. Arabakoen kasuan jada beste herri batzuetan aurkeztu dute ekimena eta ziurra da Aiaraldeatik kanpoko ere gauzatuko dela. Bizkaiko kasuan, bertako herrientzako aurkezpen bat egingo dugu irailean, Aldundiak eskatuta. Amurrion berriz, herri mugimenduaren eskutik heldu da ekimena.