D ereduan osoki murgilduta dagoen eskualde batean nola liteke begiraleek ume eta gaztetxoei erdaraz egitea?
Gurasoei euskarazko eskaintza egin; lizitazioan udalak zerbitzua euskaraz eskatu; enpresa, horren jakitun, begiraleak kontratatu; eta azkenean, herritarrek emaitza salatu: begiraleak umeei gazteleraz udal udalekuetan. Nola da posible? Zerk egin du kale? Zein da edo zeintzuk beren funtzioa bete ez duten katebegiak? Arduradunengana jo dugu eta begiraleen hizkuntza erabilera bermatzeko zailtasunak azaldu dizkigute: arduraduna dagoenean euskaraz baina gero inertziak, ohiturak, elkar ezagutzeak… Erantzunkizuna dutenek erantzuna eta konponbidea bilatu beharko dute. Kasu honetan Urduñan gertatu da eta horren berri herritarrek eman digute, argi dago salatzea oker dena zuzentzeko bidean jartzeko balio beharko ligukeela eta agintariek ere, eredu izanda, bide horretan lagundu behar dutela.
Bide beretik, baina Laudiora aldatuta, erdara hutsezko beste eskaintza baten berri jaso dugu: Mundu Kirol. Web orrialdean sartuta ohiko beste praktika oker batekin topo egiten dugu: euskara erdararen itzulpen moduan azaltzea, lehentasuna emanez gaztelaniari. Euskaldunak badaki gazteleraz, beraz ez du itzulpenik behar, euskara ez dakienak behar du itzulpena, beraz afitxetan edo informazioa ematean: beti euskara aurretik, bestela zentzurik ez du. Zentzu komuna aipatzen dugu, baina Euskararen Legea ere aipa genezake… Hala ere, horrelako eskaintza bat gero praktikan erdaraz bada… berriz ere kontrako norabidean ari gara, gure beharrei eta euskarari bizkar emanda.