Urriaren 17an Euskal Herriko Euskalgintzaren Kontseiluak eskualdean garatzen ari den dinamikaren lehen emaitza aurkeztuko du: Laudioko Udalaren Hizkuntza Politikaren Diagnostikoa. Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak proposatuta eta Udalaren partehartzearekin, diagnostiko sakon bat egin du Kontseiluak eta hainbat ondorio eta gomendio plazaratuko ditu. Urriaren 17an, eragileen eta herritarren aurrean azterketaren emaitzak aurkeztuko ditu Manex Mantxola koordinatzaileak, kontrastatu, eztabaidatu eta ekarpenak jasotzeko xedearekin. Azken emaitza abenduan aurkeztuko da eta Laudioko Udalak bere egingo du.
2023an, Bai We Can dinamika sinatu zuten alderdi politikoek hizkuntza eskubideak bermatzeko protokolo bat sortzeko konpromisoa hartu zuten. Legegintzaldia hasita, eskualdeko hainbat udalerritan konpromisoak aurrera eramateko aukera sortu da. Horietako bat, Laudio da. Protokoloaren zumeen bila Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak duela urte batzuetako dinamika bat berreskuratzea proposatu zion Euskal Herriko Euskalgintzaren Kontseiluari. Baiezkoa jaso ostean, Laudioko Udalaren hizkuntza politiken azterketa sakona egiteko prozesua abiatu zen arloko zinegotzi Nagore Gomara, euskara teknikari Felix Mugurutza eta zehar politiketako teknikari Itziar Sanchez inplikatuz Euskal Herriko eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluekin batera.
Urriak 17
Laudioko Udalaren jardueran eta funtzionamenduan lupa jartzen duen azterketaren lehen emaitzak herritar eta eragileekin kontrastu eta ekarpenak jasotzeko hitzordua izango da urriak 17koa. Kultur Etxeko Arraño aretoan, 18:30etan hasita, prozesuak emandako emaitzak aurkeztuko ditu Manex Mantxolak Euskal Herriko Euskalgintzaren Kontseiluko koordinatzaileak. Aurkezpenean udal ordezkariak, teknikariak eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluko ordezkariak izango dira. Herritarren eta eragileen parte hartzea berebizikoa izango da, udal hizkuntza politiketan eraginkortasuna, praktika onak eta oinarrien sendotasuna dago jokoan.
Eskualdea
Arrankudiaga-Zollo eta Orozkoko Udaletan ere abiatu da azterketa eta legegintzaldian zehar Aiara eta Artzeniega ere batuko zaizkie.